Barcinaren ordezkoa
Gaur amaituko da UPNren presidentegairako hautagaitza aurkezteko epea
Erredakzioa
Jose Javier Esparza Landa Garapen kontseilaria izan zen aurkezten lehena, eta egun batzuk geroago aurkeztu zuen bere hautagaitza Juan Ramon Rabade Tuterako ospitaleko zuzendariak.
Nafarroan maiatzean izango dira presidente berria aukeratzeko hauteskundeak, eta UPNk ez du oraindik erabaki nor izango duen zerrendaburu, Yolanda Barcinak berriro aurkezteko aukerari uko egin ostean.
Aste hau erabakigarria da alderdi unionistarentzat. Gaur arratsaldeko hiruretan amaituko da UPNko buru izateko hautagaitzak aurkezteko epea.
Kontseilu politikoak larunbatean erabakiko du zein izango den Nafarroako presidente izateko UPNren hautagaia, eta igandean, alderdiaren egunean, aldarrikatuko dute.
Oraingoz bi hautagai daude: Yolanda Barcinak kontseilari jarri zuen Jose Javier Esparza, eta Juan Ramon Rabade, Tuterako ospitaleko burua.
Ikusteko dago UPNko talde kritikoak, Miguel Sanzen ingurukoek, hautagairik aurkezten duen azkenean. Amelia Salanueva senatariaren izena aipatu da aukera moduan.