Itxi

UPN

Alberto Catalan, UPNren zerrendaburua izateko laugarren hautagaia

Erredakzioa

Nafarroako Parlamentuko presidenteak bat egin du Jose Javier Esparzarekin, Juan Ramon Rabaderekin eta Amelia Salanuevarekin Yolanda Barcinaren ordezkoa izateko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

UPNk bukatutzat eman du 2015. urteko foru hauteskundeetan alderdiaren zerrendaburua izateko hautagaitzak aurkezteko epea.

Orotara lau hautagai daude Yolanda Barcinaren ordezkoa izateko. Azken biak gaur bertan ezagutarazi dituzte: Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Amelia Salanueva senataria. Horiekin batera, Jose Javier Esparza Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilaria eta Juan Ramon Rabade Tuterako Ospitaleko zuzendaria ere lehiatuko dira.

Catalanek UPNren azken batzordean ere aurkeztu zuen hautagaitza, baina horretan Barcinak irabazi zion, botoen % 51,5 eskuratuta.

Barcinak hilaren 10ean iragarri zuen ez dela berriz UPNko zerrendaburua izango. Dena dela, parlamentari izateko prest agertu zen, "alderdiak eta zerrenda batzordeak hala erabakitzen badute".

Zerrenda batzordeak Kontseilu Politikoari igorriko dio orain hautagaitzen zerrenda, eta organo horrek erabakiko du UPNren zerrendaburua hilaren 29an.

Catalan: 'UPNren edozein erabaki ona izango da'

Catalanen esanetan, "lasaitasunez eta umiltasunez" helduko dio prozesuari, eta UPNren "edozein erabaki" "ona" izango da.

Horren ildotik, UPNren zerrendaburua, nornahi izan, babestu egingo duela aurreratu du.

Bestalde, hauteskunde primarioen alde agertu da, "egoki" iruditzen baitzaio jarraitzaileei kontsulta egitea.

Ez dituzte hauteskunde primarioak egingo

Barcinak berak balizko hauteskunde primarioen bidezko aukeraketaren inguruan sortutako ika-mika eten du, ekainaren 8an egindako Asanblea Nagusian sistema hori baztertzea onartu baitzuten.

"UPNren Asanbleak ebazpena egin zuen ekainean, botoen % 96 alde jasota, eta nire egin beharrekoa afiliatuen agindua betetzea da", esan du kazetarien aurrean egindako adierazpenetan.

Albisteak (3)

Bideoak (1)