Bizikidetza
Bizikidetza autokritiken bidez eraikitzearen alde egin du Fernandezek
Erradakzioa
Bestalde, Federico Mayor Zaragozak presoen sakabanaketa kritikatu du.
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkariak bizikidetza eraikitzeko "zubia" autokritika izan daitekeela adierazi du.
Fernandezek hitzaldi bat eskaini du gaur Bilbon, Federico Mayor Zaragoza Bake Kultura Fundazioko presidentearekin batera. Bihar Madrilen egingo dute.
Ekitaldi horretan, euskal herritarrak banantzen dituen "harresia" iraganean dagoela esan du Fernandezek.
"Kontua ez da nork egin behar duen autokritika, baizik eta kontzeptua bera. Autokritikaren erreferentzia ez dira iraganari buruzko ideiak, baizik eta giza eskubideak defendatzeko konpromisoa zer-nolakoa izan den", gaineratu du.
Bestalde, Federico Mayor Zaragozak azaldu duenez, ETAko kide damutuen eta biktimen artean iritzi publikoak dakizkienak baino "gauza gehiago" gertatu dira.
Horren esanetan, biktimen mina konponezina da, baina "nahiz eta kosta", etorkizuna izan behar da oinarria, "batzuen eta besteen seme-alabak bizikidetzan bizi daitezen".
Mayor Zaragozak presoen sakabanaketa kritikatu du, ez baita "bidezkoa" delitu beragatik zigortutakoei tratu ezberdina ematea.