Itxi

Gurtel auzia

Ana Matok dimisioa eman du, epaileak Gurtel auzian nahasi eta gero

Erredakzioa

Espainiako Gobernuko Osasun ministroa Gurtel sarearekin aberastu zela uste du Pablo Ruz epaileak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ana Mato Espainiako Gobernuko Osasun ministroak dimisioa eman du asteazken honetan, Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak Gurtel ustelkeria auzian nahasi eta gero.

Matok prentsa ohar batean jakinarazi du dimisioa. Horretan, gainera, errugabe dela esan du. "Autoak ez dit deliturik ezta erantzukizun penalik inputatu", gogorarazi du.

Egia da Ruz epaileak ez duela Mato inputatu, baina Gurtel sareak Jesus Sepulveda senarrari emandako opariekin aberastu zela uste du. Hori dela eta, ministro ohia erantzule zibil gisa epai dezakete, ustez legez kanpo jaso zuen dirua itzul dezan.

Hain zuzen ere, 2000. eta 2004. urteen artean Sepulveda-Mato senar-emazteek 70 opari jaso zituztela zehaztu du epaileak. "Zerbitzu turistikoak" izan ziren gehienbat, hau da, bidaiak (hegazkinez, trenez eta autoz) eta ostatuak.

"Ez diet kalte egin nahi Espainiako Gobernuari, presidenteari eta PPri", nabarmendu du Matok, eta agertutako "konfiantza" eskertu die Rajoyri, Ministroen Kontseiluari eta alderdiari.

PPko iturriak aipatuta Europa Press agentziak zehaztu duenez, ostegun honetan Kongresuan ustelkeriari buruzko saio bat egitekoa delako onartu du Rajoyk dimisioa. "Bihar eztabaida hori egingo ez balitz, ez zukeen onartuko dimisioa", esan dute iturriok.

Santamariak hartuko du bere gain kargua, oraingoz

Hurrengo Osasun ministroak ezingo du karguaren zina egin asteazkena arte, Felipe VI.a Espainiako erregeak eta Rajoyk agenda arazoak dituztelako.

Bien bitartean, beraz, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak hartu ditu bere gain Osasun Ministerioaren ardurak.

Matoren dimisioa Mariano Rajoyren Gobernuan jazotako hirugarrena izan da. Aldez aurretik, Miguel Arias Ca¿k (Nekazaritza) eta Alberto Ruiz-Gallardonek (Justizia) ere utzi zuten kargua.

Kudeaketa polemikoa

Ia hiru urte eman ditu karguan Ana Matok, eta polemika handikoak izan dira. Besteak beste, osasun zerbitzuan murrizketak egin izana, agiririk gabeko etorkinei osasun zerbitzua kendu izana eta koordainketa berriak ezarri izana kritikatu diote.

Berriki, ebolaren krisian egindako kudeaketa ere gogor salatu dute, batik bat Teresa Romero erizain laguntzailea kutsatu eta gero. Azkenean, Rajoyren Gobernuak Santamariari eman zion krisiaren gidaritza.

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)