Itxi

Kongresua

Rajoyk iragarri dituen ustelkeriaren kontrako neurriak

Espainiako Gobernuko presidenteak ustelkeria politikoari aurre egiteko iragarri dituen neurrien laburpena.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. Argazkia: Efe

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak ustelkeriari aurre egiteko proposamenak aurkeztu ditu gaur, lau ataletan banatuta: alderdi politikoen finantzen kontrola, goi-kargudunen jarduera, neurri judizialak, eta Kongresua eta Senatua.

ALDERDI POLITIKOEN FINANTZEN KONTROLA

- Pertsona juridikoen diru-ekarpenak debekatuko dira.

- Bankuek ezingo dituzte alderdien zorrak barkatu, ezta zorraren zatiak ere. Gainera, ezingo dituzte zorrak ordaintzeko baldintzak merkatuak ezartzen dituen baldintzen azpitik jarri.

- Alderdi politiko guztien kontuak publiko egin beharko dira.

- Kontuen Auzitegiak indartu egingo du diru-laguntzen eta ekarpenen kontrola.

- Norbanakoek ezingo dute 50.000 eurotik gorako ekarpenik egin.

- 25.000 eurotik gorako ekarpenak Kontuen Auzitegiari jakinarazi beharko zaizkio, eta alderdiaren webgunean argitaratuko da ekarpena egin duenaren izena.

ALDERDIEN BARNE DEMOKRAZIARAKO NEURRIAK

- Alderdietako zuzendaritzak lau urtean behin berritu beharko dira, hauteskunde zikloarekin batera, eta estatutuetan agertu beharko da neurria.

- Alderdi bakoitzak militanteen parte-hartze demokratikoa bermatu behar du, aukeratzen duen moduan: kongresua, batzarrak…

- Estatutuetan agertuko dira afiliatu guztien bermeak, haien eskubideak babestu eta erreklamazioak jartzeko prozedura zehazteko.

- Militantzia bertan behera geratuko da automatikoki ustelkeriarekin lotutako delituengatik ahozko epaiketa baldin badute.

- Betebehar horiek betetzen ez dituzten alderdiak desegin egingo dituzte.

GOI-KARGUDUNEN KONTROLERAKO NEURRIAK

- Goi-kargudunei arduren gaineko adierazpen bat sinaraziko diete, eta ezingo dute zigor-aurrekaririk izan delitu jakin batzuetan.

- Kargua hartzen duen unean eta uzten duenean, jarduera, ondasun eta eskubide guztien berri eman beharko du.

- Soldatak erabat publikoak izango dira Gardentasun Legea indarrean sartzen denean.

- Ordezkaritza gastuak hobeto arautuko dituzte, eta debekatu egingo dute kreditu-txartelik erabiltzea.

- Bateraezintasunen kontrola ere indartu egingo da interes-gatazken bulegoaren bitartez.

- Administrazio publikoen eta kontratuen legedia erreformatuko da, ustelkeria gehiago kontrolatzeko. Administrazioarekin kontratuak egiteko debekuak zabalduko dira eta prozedura negoziatuen erabilera mugatuko da.

ZIGOR KODEAREN ETA PROZEDURA KRIMINALEKO LEGEAREN ERREFORMA

- Alderdi politikoen legez kanpoko finantziazioa delitu gisa agertuko da lehenengo aldiz.

- Kargugabetzeak gogortu egingo dituzte.

- Ustelkeriarekin lotutako delituak preskribatzeko epeak luzatuko dituzte.

- Makroprozesuak azkartuko dituzte.

- Epemuga jarriko zaio instrukzioari.

- Gaizkileek itzuli behar dituzten ondasun guztiak azkar berreskuratzeko neurriak hartuko dituzte.

- 100 plaza berri jarriko dituzte epaile eta fiskalentzat, eta teknologia berrien erabilera indartzeko dirua jarriko dute.

KONGRESUA ETA SENATUA

- Diputatuen eta senatarien eskubideak eta betebeharrak bertan behera uzteko erregimena zabalduko da, alderdien artean adostasuna egonez gero.

- Indultuen kontrola. Sei hilabetean behin, emandako eta ukatutako indultuen inguruko txostena helaraziko diote Diputatuen Kongresuari.

- Justizia Ministerioak agerraldia egingo du indultuen inguruko azalpenak emateko.

- Herri ekimen legegileak eta herritarren parte-hartze politikoa bultzatzeko bideak indartuko dira.

indartuko dira.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (2)