Udal eta foru hauteskundeak
EAJk 'Champions mailako taldea' aurkeztu du Bilborako eta Bizkairako
Erredakzioa
Aburto Bilboko alkategaia da, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaia eta Ana Otadui Batzar Nagusietarako. Atutxaren esanetan, “gaur-gaurkoz EAJk Bizkairako duen onena dira”.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidenteak “Champions mailako taldea” aurkeztu du Bilbo eta Bizkairako; Aburto Bilboko alkategaia da, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaia, eta Ana Otadui Batzar Nagusietarako.
Horiek guztiek “titanioko ituna” mantentzearen alde egin dute, “ekonomiaren suspertzea, enplegua eta pertsonak” berreskuratzeko bai Bilbon, baita Bizkaiko Lurralde Historikoan ere.
Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi batean Atutxak ziurtatu duenez, “gaur-gaurkoz, EAJk Bizkairako duen onena dira” hiru hautagaiak, eta, nahiz eta gazteak diren, “ez dute aurkezpenik behar, euren ibilbideak ziurtatzen dituelako”, hirurek kargudun izan baitira luzaroan. “Gure aurrekoak harro egon daitezke eta gure oinordekoak lasai egon daitezke”, adierazi du.
BBBren presidentearen arabera, EAJk “ziurtasuna ematen duen iragana du, eta iragan horrek ondareak eskatzen duen maila ematera behartzen du”, Euskadi “oparoagoa, solidarioagoa eta askeagoa” izateko. “Gure iragana aldarrikatzen dugu, eta etorkizunera begira gaude, bi gauzak uztar daitezkeelako”.
Bestalde, hitzaldian, Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak baieztatu duenez, “sentimendurik handienarekin eta harro, Iñaki Azkuna alkate ohiaren legatua” jasoko du. Azkuna, Aburtoren hitzetan, “pertsona errespetagarria eta benetako eredu” izan zen.
Era berean, ahaldun nagusi izateko hautagaia “talde honetako” kide izateagatik harro agertu da, eta, azaldu duenaren arabera, “EAJren emakumezko eta gizonezkoen indarrak ziurtatzen” du.
Gainera, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaiak herritarren parte hartzea ardatz izan du. Otaduiren esanetan, Elorrioko alkate eta legebiltzarkide izan den garaian, parte hartzearen aldeko apustua egin du eta “hala egiten jarraituko” du.