BJKN
Ruzek Barcenas eta Gürtel auziekin segituko du martxoa arte gutxienez
Erredakzioa
Gainera, epaileak auzi jakin batzuen instrukzioak amaitzeko hilabete batzuez errefortzu gisa lan egitea eskatzeko aukera izango du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Espainiako Estatuko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak lehiaketara atera ditu lanean ari diren 41 epaileren plazak, Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epailearena besteak beste. Azkenean, Ruzek Barcenas eta Gürtel auzien instrukzioarekin jarraitzeko aukera izango du, martxora arte gutxienez.
Izan ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak hartutako erabakiaren arabera, 41 plazak konkurtsora atera eta jabe berriei eman arte, kaltetutako epaileek lanean jarraitu ahal izatea eskatu ahal izango dute, instrukzioak amaitzeko errefortzu gisa lan egiteko.
Ruzen kasuan, Gürtel eta Barcenasen auziekin jarraitzeko aukera izango luke instrukzioa amaitu arte. "Prozedura garrantzitsuenetan edo zailenetan, tramitazioa ez kaltetzeko, Batzorde Iraunkorrak errefortzu gisa prozedura horietan jarraitzea erabaki dezake", dio gaur onartutako akordioak.
Batzorde iraunkorrak aldeko lau botorekin eta kontrako batekin onartu du akordioa: Mar Cabrejas aurrerakoiak, eta Carlos Lesmes, Gerardo Tristan eta Juan Manuel Fernandez kontserbadoreek alde bozkatu dute, eta Alvaro Cuesta aurrerakoia izan da kontra bozkatu duen bakarra.
Ruz epailea 2010eko ekainaren 24tik dago Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio aretoan, eta bertan jarraitzeko luzapenak onartu ditu bederatzi aldiz BJKN-k.