Itxi

Hileta

Frankismoaren biktimak gogoratzeko panteoia ireki dute Iruñean

Erredakzioa

Frankismoko eta gerra zibileko biktimak gogoratzeko eraiki dute Iruñeko hilerrian panteoia.

Your browser doesn’t support HTML5 video

2010 eta 2012 urte artean Nafarroan berreskuratu zituzten hamar lagunen hezurrak hobiratu dituzte gaur Iruñeko hilerrian. Frankismoko eta gerra zibileko biktimak gogoratzeko eraiki duten panteoian hobiratu dituzte identifikatu gabeko lau lagunen hezurrak.

Gorpuzkinak Nafarroako leku ezberdinetan aurkitu zituzten. 2010ean Añezkarreko hilobiaren kanpoko aldean bar aurkitu zuten; urte berean beste bi gorpuzkin aurkitu zituzten Oteitzako hilerriaren kanpoko aldean. 2012an gorpuzkin bat aurkitu zuten Ripako hilerrian eta sei Antxoritzen.

Fusilatuen senitarteko asko gerturatu dira Iruñeko hilerrira. “Añezkar 01”, “Oteiza 02”, “Ripa 01”… bezalako izenekin identifikatuta zeuden kutxak. Gaur ireki duten panteoian hobiratu dituzten lehenak, baina hilobiak 60 lagunentzako tokia du. Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak eraiki dute panteoia.

Senitartekoak arduratu dira kutxatilak panteoira eramateaz. Udal talde guztietako ordezkariek eta hainbat parlamentariok ere parte hartu dute ekitaldian.

Olga Acelga AFFN1936 elkarteko presidenteak panteoi horretan frankismoan hil zituzten 309 iruindarrek izenak idaztea eskatu du. “Familia bakoitzak hona etorri ahal izango du, eta euren senitartekoen izena laztandu, ez baitute hezurrak laztantzeko aukerarik izan”, gaineratu du.

Javier Morras Nafarroako Gobernuko Presidentzia, Justizia eta Barne kontseilaria, ordea, ez da ideia horrekin bat etorri, nahiz eta “burokraziaren geldotasuna” onartu duen. “Gaurtik aurrera merezi bezalako ordaina jaso ez duten lagun horiek gogoratzeko leku gizatiar, duin eta justua egongo da”, nabarmendu du.

Bideoak (1)