Gipuzkoa
Onartu dute Bidegin dirua bidegabe eralgitzeagatik jarritako kereila
Erredakzioa
Sozietate publikoaren eta beste enpresaren hiru kargudun ohi inputatu eta deklaratzera deitu ditu epaileak. Kereila Gipuzkoak Diputazioak aurkeztu zuen, 3,4 milioi bidegabe eralgi zutelakoan.
Gipuzkoako Diputazioak azaroaren 21ean aurkeztutako kereila kriminala onartu egin du Azpeitiko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2. Epaitegiak, eta Bidegiko eta eraikuntza enpresetako hiru arduradun deklaratzera deituko ditu inputatu gisa, foru erakundeak jakinarazi duenez.
Gipuzkoako Aldundiak gogorarazi duenez, AP-1 autopistako Eskoriatza Iparra-Arrasate Iparra (Epele) tartearen eraikuntza lanekin lotutako dokumentuen azterketaren ondoren ikusi zuen Bidegik 2011ko ekaineko likidazioan ordaindutakoa eta gaur egun egiaztatutako kopuruak ez datozela bat.
Hain zuzen, AP-1eko tarte honetan aurkitutako ezberdintasunak (Basagoiti-2 obra soberakin biltegiarekin zuzenean lotutakoak bakarrik kontuan hartuta), 3,4 milioi eurotakoak dira.
Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak likidazio horiek ordaintzeko ziurtagiriak sinatu zituzten hiru pertsonen aurkako kereila kriminala aurkeztu zuen; pertsona horiek Bidegiko, obra zuzendaritzako eta enpresa kontratistako arduradun ohiak dira.
Orain, epaileak kereila horren izapidea onartu du, "kereilan azaldutako gertaerak dokumentuen faltsutzea (publikoak, ofizialak eta ziurtatuak) eta Diru Publikoa Bidegabe Xahutzearen delituen izaera erakusten dutelako". Hori dela eta, Fiskaltzari ere berri emango diola azaltzen du erabakian.
Horrekin batera, epaileak erabaki du inputatu gisa deklaratzera deitzea Bidegiko zuzendari tekniko ohia, obra zuzendari ohia eta Laurena aldi baterako enpresa batasuneko gerente ohia. Lehenengo biek urtarrilaren 29an joan beharko dute epaitegira eta hirugarrenak urtarrilaren 30ean.