Itxi

Erreakzioak

EAEko PP eta PSOE: Felipe VI.ak irmo hitz egin zuen ustelkeriaz

Erredakzioa

UPyDko Gorka Maneirok, bere aldetik, adierazi du diskurtsoa "egokia" izan zela, baina sendotasuna falta izan zitzaiola.

Laura Garrido. Argazkia: EiTB.

EAEko PPk eta PSOEk adierazi dute FelipeVI Espainiako erregeak "irmo" hitz egin zuela, Gabon Gauean, ustelkeriaren aurka. EAEko PPk esan du erregeak herritarren haserrea islatu zuela, eta PSOEk nabarmendu du bere iritziz deskribapen zuzena egin zuela Espainiaren arazoez hitz egitean. UPyDko Gorka Maneirok, bere aldetik, azpimarratu du diskurtsoa "egokia" izan zela, baina sendotasuna falta izan zitzaiola.

EAEko PP: "Diskurtsoa erabat argia eta sendoa izan zen"

Laura Garrido EAEko PPren bozeramaileak nabarmendu du Felipe VI.aren mezua "oso irmoa eta sendoa" izan zela ustelkeriaren aurka. Halaber, Felipe VI.ak herritarren haserrea ondo bereganatu duela, "bultzada moral kolektiboa behar dugula esanez”", eta ustelkeriaren aurkako borroka helburu utziezina dela aipatuz.

Ildo horretan, gogorarazi du erregeak esan zuela legez kontrako jarreren arduradunak justiziaren aurrean ari direla erantzuten, "eskubideko Estatua funtzionatzen ari dela frogatzen duena". Garridok esan du diskurtsoa "hurbila, osoa, errealista eta itxaropentsua" izan zela: "Herritarren arazoak eta aurrean gizarte moduan ditugun erronkak ezagutzen dituela erakutsi zuen".

PSOE: "Oso irmoa eta determinatzailea izan zen"

PSOEk azpimarratu du Felipe VI.a oso "irmoa" eta "determinatzailea" izan zela, diskurtsoan, ustelkeriaren aurka. Gainera, nabarmendu du garrantzitsua izan zela ongizate estatua bermatzea, kohesio sozialerako elementu bezala.

Prentsaurrekoan, Antonio Hernando Kongresuko Talde Sozialistaren bozeramaileak baloratu du erregeak zuzen deskribatu zituela Espainaren arazoak: "Politiko-erakundeena, ekonomiko-soziala eta lurraldekoa".

UPyD: "Egokia eta zuzena; baliteke sendotasun apur baten faltan egon izana"

Gorka Maneiro UPyDren Legebiltzarreko bozeramaileak, bitartean, esan du Felipe VI.aren lehen diskurtsoa "egokia eta zuzena" izan zela; "baliteke sendotasun apur baten faltan egon izana, eta kontu batzuetan zehaztasun gehiago behar izatea", adierazi du.

Maneirok, Donostian egindako adierazpenetan, esan du erregea "ondo egon zela, hurbil", eta herritarrei interesatzen zaizkien gaien gainean hitz egin zuela: "Birsorkuntza demokratikoa, langabezia, krisi ekonomikoa eta Kataluniaren independentziaren mehatxua".

Albisteak (2)