2015eko hauteskundeak
Amaiur: 'Arrosa koloreko egoera erakutsiko digu aurten Gobernuak'
Erredakzioa
Xabier Mikel Errekondok Euskadi Irratian adierazi duenez, "Espainiako Gobernua krisiaz baliatu da oinarrizko eskubideak urratzeko".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak Mariano Rajoyren Gobernua eta aurtengo hauteskundeak izan ditu hizpide Euskadi Irratiari eskaini dion elkarrizketan. “Arrosa kolorekoa erakutsi nahiko dute guztia”, esan du. Denon eskubideak urratzeko Espainiako Gobernuak krisia erabili duela erakustearen alde agertu da.
Errekondoren arabera, aurtengo urtean legealdi hasieran zehaztutako helburu berdinak jarraituko ditu Amaiurrek. “Gatazka politikoaren, subiranotasunean eta eredu sozioekonomiko berriaren konponbidea bultzatuko ditugu”, esan du.
Madrilgo Gobernuak bultzatu nahi dituen “helburu gordinak eta gogorrak” salatzen jarraituko dutela ere gogoratu du Errekondok, eta “haren benetako aurpegia erakustearen alde” agertu da. “Eredu erabat neoliberala bultzatu nahi izanda, ez dute hori aldatuko”, iritzi dio.
“Madrilgo Gobernuaren lehen urteak murrizketen urteak izan ziren, eta 2014 urtea oinarrizko eskubideak urratzeko erabili diren erreformen urtea izan da”, esan du.
“Azken urte hau hauteskunde urtea da eta dena polita, eta arrosa kolorekoz erakutsiko digute. Gure lana ondorengoa izango da: Krisia oinarrizko eskubideak urratzeko erabili dutela erakustea eta horriaurre egitea”, gaineratu du.
Espainiako Gobernuak abertzaleek egiten dituzten eskaeren aurrean duen jarrera ere hizpide izan dute Euskadi Irratiko elkarrizketan. “Ezezkoan” oinarrituta egotea deitoratu du Errekondok. “Inoiz ez dute onartuko euskal herri bat dagoenik, ez eta herritarrek geure kabuz gure etorkizuna erabaki ahal izango dugunik ere”, esan du.
Iñigo Urkullu lehendakariak urte amaierako mezuan elkarlanerako luzatutako deia kritikatu du. “Guk urteak daramatzagu subiranotasunaren inguruan elkarlana eskaintzen, eta jaso dugun erantzuna horretatik urruntzea izan da”, amaitu du.