Itxi

Birgizarteratzea

Urkullu: 'EPPK-ko zenbait presok Hitzeman programan interesa dute'

Erredakzioa

Eusko Jaurlaritza presoak hurbiltzearen alde dagoela ziurtatu du lehendakariak, baina “biktimen memoria aldarrikatu eta egindako kalte bidegabea” ere onartu behar direla uste du.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Artxiboko irudia: EITB

EPPK-ko zenbait presok Eusko Jaurlaritzaren Hitzeman programan interesa agertu dutela esan du Iñigo Urkullu lehendakariak. Exekutiboaren programak presoak birgizarteratzeko helburua du. Hala ere, ez du horren inguruko xehetasunik eman, “gai horretan” Exekutiboak “diskrezioz” jokatu behar duelako.

Bestalde, presoak hurbiltzea eskatzeaz gain, beste aldarrikapen batzuk ere badaudela ohartarazi dio lehendakariak ezker abertzaleari, eta Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, “biktimen memoria aldarrikatzea eta egindako kalte bidegabea onartzea” beharrezkotzat jotzen duela nabarmendu du.

Lehendakariak Ser irratian eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, 2014an garatu beharreko “neurriak” iragarri zituen EPPK-k duela urtebete, baina ez dute “biderik egin” orain arte, horren arabera.

Eusko Jaurlaritza, aldiz, Bake eta Bizikidetzarako Planaren bidez “presoak legea betez birgizarteratzeko aukerak planteatzen ari da”, Urkulluren esanetan. Horretarako, presoek “pauso zehatzak” eman behar dituztela gaineratu du, “iraganaren irakurketa kritikoa”, esaterako, gogora ekarrita.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak presoen sakabanaketaren aurka protesta egiteko Sarek antolatutako manifestazioan parte hartuko ez duela esan du Urkulluk, nahiz eta “presoak hurbiltzeko xedearekin bat egin” eta “espetxe politika desberdin bat” eskatu.

Albisteak (3)