Itxi

Manifestazioa Parisen

Eusko Jaurlaritza: 'Ezerk ez du terrorismoa justifikatzen'

Erredakzioa

Euskal alderdietako hainbat ordezkarik parte hartu dute Parisen egindako manifestazioan, tartean, Eusko Jaurlaritza, EAJ, EA eta Aralarreko kideek.

Argazkia: EFE

Euskal alderdi politikoetako hainbat ordezkarik parte hartu dute, gaur, Parisen, adierazpen askatasunaren alde eta terrorismoaren kontra deitutako manifestazioan. Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat ere bertan izan da, zehazki, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia.

EAJren izenean, Izaskun Bilbao eurodiputatua Parisen izan da, eta baita EAko Miren Urrestieta eta Lorena Lacalle kideak eta Jon Iñarritu Aralarreko kidea eta Amaiurreko diputatua ere.

Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak adierazi du ezerk ez duela terrorismoa justifikatzen eta inork ezin duela justifikatu.

Eusko Jaurlaritzak zabaldutako oharraren arabera, Parisen gertaturikoa "bizitzarako eta askatasunerako eskubideen kontrako eraso justifikaezina da". "Ezerk ez du terrorismoa justifikatzen eta inork ezin du justifikatu, zenbait ideia erlijioso, politiko edo fundamentalistek hala nahi badute ere", azpimarratu du.

Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak "bakea eta askatasuna" aldarrikatu ditu "indarkeriaren eta fanatismoaren" aurrean, EAJren, Coalicion Canariaren eta Compromiso por Galicia alderdien izenean.

"Bake, askatasun eta demokrazia alorretan munduko erreferente izatea ahalbideratu gaituzten baloreak berretsi eta babestu behar ditu Europak. Izua sortzen duten ekintzen aurrean erantzun posible bakar dago: demokrazia gehiago", azpimarratu du.

Lorena Lopez de Lacalle Eusko Alkartasunako Nazioarteko Harremanetarako idazkariak ohartarazi du, Parisen, aste honetan gertaturiko ekintzen aurrean  Poliziaren erantzuna gehiegizkoa bada, litekeena dela "askatasunen galera" bat izatea. Halaber, azpimarratu du "autokritika" egitea beharrezkoa dela  gizarte eredua aldatzeko.

Jon Iñarritu Amaiurreko diputatu eta Aralarreko zuzendaritzako kideak "erantzun irmoa" ematea eskatu du, "adierazpen askatasunaren defentsan". Iñarrituk aste honetan gertaturikoa gaitzetsi nahi izan du eta elkartasuna helarazi die biktimen senideei eta lagunei eta frantziarrei orokorrean.

Albisteak (2)