'Charlie Hebdo'
Rajoy: 'Askatasuna eta segurtasuna bateragarriak dira'
Erredakzioa
Europako Gobernuek Schengengo Ituna moldatzeko erabakirik ez dutela hartu esan du Espainiako presidenteak.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen esanetan, "askatasuna eta segurtasuna bateragarriak dira". Hala, Europako Batasunean pertsonen joan-etorri askea jasotzen duen Schengengo Ituna moldatzeko erabakirik ez dutela hartu esan du Espainiako buruak.
"Itun hori moldatzea proposatuko balitz, eztabaidatu egingo litzateke. Terrorismoaren kontrako borrokarako mesedegarria den edozer egin behar da, beste gauza batzuei kalte egiten ez badiete. Nire ustez, bateragarria da", esan du Cadena SER irrati-katean egin dioten elkarrizketan.
Rajoyren iritzian, herritarrek "askatasuna eta oinarrizko eskubideak" nahi dituzte, guztiaren gainetik. Herrialde demokratiko guztietako Konstituzioetan jasotako bi printzipio nagusiak direla azpimarratu du, baina "segurtasuna" ere lehen lerroan jarri behar dela nabarmendu du Rajoyk.
Joan den astean Parisen izandako atentatuak salatzeko atzo Parisen egin zen elkarretaratzean parte hartu ondoren egin ditu adierazpenok Rajoyk. Horren hitzetan, "terrorismoaren kontrako borrokan batasuna dago", atzoko bilkuran argi geratu zenez.