Itxi

Abokatuen atxiloketak

Lokarri: 'Manifestazioak baino urrunago joan beharra dago'

Erredakzioa

Polizia operazioak galarazteko xedez, "esparru juridikoak eskantzen dituen aukerak" aztertzeko deia egin du Paul Riosek.

Paul Rios Lokarriko koordinatzaile nagusia. EFE

Paul Rios Lokarriko koordinatzailearen ustez, "manifestazioak baino urrunago" joan beharra dago, ezker abertzaleko eta presoen abokatuen aurkako polizia operazioaren tankerakoak galarazten saiatzeko. Horren ildotik, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak akordioak adostu beharko lituzketela iritzi dio.

"Sakon aztertu behar dugu gure esparru juridikoak eta erakundeek zer aukera eskaintzen dituzten, tankera horretako operazioak galarazteko", adierazi du Riosek, Onda Vasca irrati-katean egindako elkarrizketa batean.

Horren esanetan, iaz EAJk eta EH Bilduk deitutako manifestazio bateratuaren ostean, Espainiako Gobernuak ez zion “zailtasun handirik” jarri bake-prozesuari, baina, orain, "lehengo egoerara itzuli da, modu makiavelikoan; izan ere, ez dute manifestazioa debekatu, baina ondoren dirua kendu dute eta abokatuak atxilotu dituzte".

Riosek kritikatu egin du Auzitegi Gorenak presoen zigorrak pilatzearen aurka egin izana, eta hori "atzerapausoa" dela eta Estrasburgok erabakia "baliogabetu" lezakeela gaineratu du.

"Fernandez Diazek berak 'Langraiz Bidea' adibide gisa jartzen du beti, eta hori presoek jarraitu beharreko ibilbidea dela dio, baina Auzitegi Gorenak 'Langraiz Bideko' preso baten aurka [Kepa Pikabea] egin du orain", deitoratu du.

"Berdin dio [presoak] eragindako mina aitortu izana eta iraganaren kritika egin izana, PPk lanabes guztiak abiatu baititu hauteskunde urte honetan bake-prozesuak aurrera egitea galarazteko", gaineratu du.

Bestalde, Lokarriko koordinatzaileak presoen kolektiboa ere kritikatu du, eta "biktimen sufrimendua ulertzen dutela" esan beharko zutela iradoki du.

Albisteak (2)