Itxi

Polizia operazioa

LAB: 'Presoak bakartu nahi dituzte, defentsa juridikorik gabe utzi'

Erredakzioa

Polizia operazio horren 'larritasuna' nabarmendu ostean, Euskal Herriaren kontrako erasoa dela gaineratu du Ainhoa Etxaidek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

"Mate" polizia operazioarekin, presoen kolektiboari eraso egitea eta presoak bakartzea egotzi dio Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak estatu espainairrari, presoak "defentsa juridikorik gabe" utzita. Etxaideren iritziz, Estatuak lortu nahi du presoek Estatuak berak inposatutako bideari men egitea, baina "25 urte daramatzate dispertsioarekin hori lortu nahian eta porrot egin dute." Asteleheneko polizia operazioan 12 abokatu eta lau hiritar atxilotu zituen Guardia Zibilak.

Donostian egindako prentsa agerraldian, Etxaidek adierazi du Estatu espainiarrak jomugan jarri dituela presoen eskubideak eta baita "bakea eraikitzeko" presoak eragile aktibo izateko "beharra" ere.

"Elkartasuna kriminalizatu nahi dute, elkartasuna bultzatzen eta antolatzen dugunak zigortu eta, batez ere, presoak bakartu nahi dituzte, defentsa juridikorik gabe utzi, babesa eskaintzen dien gizartearekiko zubirik gabe utzi; bakartuta eta Estatuaren eskuetan egotea nahi dute, behingoz, ezarri nahi dieten bideari men egin diezaioten", salatu du. Gaineratu duenez, 25 urte daramatzate "sakabanaketa politikarekin hori lortu nahian eta porrot egin dute".

Polizia operazioaren "larritasuna" salatu ostean, Euskal Herriaren kontrako erasoa dela gaineratu du.

Miaketa LABen Bilboko egoitzan

Bestalde, Etxaidek hizpide izan du Guardia Zibilak LABen Bilboko egoitzan egindako miaketa eta bertatik larunbateko Bilboko manifestazioan bildutako 70.000 euroak atzeman izana.

Azaldu duenez, LABek Sareren diru hori Bilboko egoitzan gorde zuen "bankuak irekitzen zituzten arte" eta "hori ez da delitua". Guardia Zibilak LABen egoitza 13 orduz miatzea sindikatuaren kontrako "eraso zuzena" dela azpimarratu ostean, Etxaidek gaitzetsi du "nahi zuten guztia egitea ahalbideratzen zien auto batekin sartu zirela" eta, gainera, oraindik ez dutela inolako azalpenik eman.

"Guardia Zibilak Sareren dirua eraman du, herriak emandakoa, 70.000 euro inguru guztira", azaldu du. Horrez gain, salatu du LABenak diren 1.800 euro inguru falta direla. Etxaideren esanetan, miaketan diru hori LABena zela eta ez zutela eramango esan zieten, "ez dago aktan jasota, baina dirua falta da".

Albisteak (4)

Bideoak (1)