Itxi

Terrorismoa goratzea

Auzitegi Nagusiak Arraizen absoluzioa berretsi du

Erredakzioa

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, Arraizen adierazpenetan ez zen "ETAren edo jarduera terroristagatik zigortutakoen aldeko oihurik" izan.

Hasier Arraiz Sorturen presidentea. Argazkia: Efe

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Dignidad y Justiciaren helegitea, eta berretsi egin du Hasier Arraiz Sorturen presidentearen kontra, terrorismoa goratu zuelakoan, ireki zuten auzibideren artxiboa.

Auzitegiak urtarrilaren 8an sinatutako autoa publiko egin dute gaur, eta bi epaile auzia artxibatzearen alde eta bat kontra agertu dira.

Dignidad y Justicia elkarteak helegitea jarri zuen auzia artxibatzearen kontra, eta Arraizen adierazpenak "argi eta garbi, legez kanpokoak" izan zirela adierazi zuen, "ETAren jarduera terroristaren justifikazioa eta errekonozimendua" izan zirelakoan.

Baina Auzitegi Nagusiak berretsi du Arraizen hitzetan ez zela "ETAren edo jarduera terroristagatik zigortutakoen aldeko oihurik" izan.

Dena dela, Arraizen kontrako auziek ez dute etenik, eta atzo, EAEko Fiskaltza Nagusiak ikerketa ireki zuen, Arraizek Guardia Zibilari “xake mate” egiteko deia egin ostean.

Albisteak (2)