Itxi

Katalunia

Estatu egiturak sortzea eragotziko duela ohartarazi dio PPk Masi

Erredakzioa

Kataluniako popularren presidentearen iritziz, 'hanka-sartzea' da hauteskundeak deitzea, eta Katalunia ez dela Estatua eta ez dela izango gaineratu du.

Alicia Sanchez Camacho Kataluniako 'popularren' presidentea. Artxiboko irudia: EiTB

Katalunian Estatu egiturak sortzea eragotziko dutela ohartarazi dio Alicia Sanchez-Camacho Kataluniako Alderdi Popularreko presidenteak Artur Mas Generalitateko presidenteari. Atzo Artur Masek, ERCk eta subiranotasunaren aldeko erakundeek erdietsitako akordioak estatu egiturak sortzea aurreikusten du.

Irailaren 27ko hauteskundeak egin bitartean, "estatu egiturak" eraikiko direla iragartzea kritikatu du Alicia Sanchez-Camachok. Ildo horretan, Kataluniako popularren buruak jakinarazi du Espainiako Gobernuak Legeak ezartzen dituen mekanismoak erabiliko dituela erakunde horiek eratzea eragozteko. "Katalunia ez da Estatua eta ez da izango", gaineratu du.

Independentziaren kontra dagoen "Katalunia isilari esnatzeko" deia egin dio, eta irailaren 27ko hauteskundeak deitzea "hanka-sartzea" da, "denbora irabazteko keinu artifiziala", erantsi du.

"Masek erabaki bat hartu du ERCk eta katalanak demokratikoki ordezkatzen ez dituzten erakundeek bultzatuta. Katalanentzat erabakirik txarrena da", adierazi du PPCk Bartzelonan duen egoitzan egindako agerraldian.

Kataluniako popularren buruaren esanetan, porrota izan da atzo CDCk, ERCk eta subiranotasunaren alde dauden eragileek adostutako akordioa; izan ere, horren iritziz, hauteskunde interesei erantzuten die, ez katalanen interesei.

Halaber, akordio "faltsua, artifiziala eta behartua" dela gaineratu du, eta, hori dela eta, datozen hilabeteetan alderdien arteko ezberdintasunak agerian geratuko dira, iragarri du.

"Historiako kanpainari luzeena eta negatiboena izango da", salatu du. Bost urtean hirugarren aldiz deitu dituzte hauteskundeak, eta horrek Kataluniako susperraldi ekonomikoari kalte egingo dio eta nazioarteko inbertsioak urrunduko ditu, horren hitzetan.

>

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)