Itxi

Gürtel auzia

42 urte eta erdiko zigorra eskatu dute Barcenasentzat

Erredakzioa

Fiskalak Gürtel auzian parte hartu izana egozten die PPri eta Ana Matori, eta 110 urteko espetxe-zigorra eskatu du Francisco Correarentzat.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak 42 urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatu du Luis Barcenasentzat, Gürtel auziko lehenengo garaian izandako gertaerengatik, 1999 eta 2005 artean jazotakoarengatik, hain zuzen ere. Guztira 42 lagun inputatu dituzte auzian, Francisco Correa horien artean. 110 urteko zigorra eskatu du Fiskaltzak azken horrentzat.

512 orriko idatzia gaur aurkeztu dute Auzitegi Nazionalean. Fiskalak PPren eta Ana Mato Osasun ministro ohiaren kontrako inputazioari eusteko eskatu du, Gürtel auziko onuradun izan zirela iritzita. Gainera, Esperanza Aguirrek epaiketan lekuko gisa deklaratzeko eskaera egin du.

Alderdi Popularrari, erantzukizun zibila izateaz gain, Pozuelo de Alcorcon eta Majadahondako udaletan onurak dohainik eskuratu izana ere egozten dio Fiskaltzak, 328.440 euroko onurak, hain zuzen ere. Ana Matori, berriz, bere senar ohiari egindako oparien onuradun izana egozten dio. Ana Matoren senar ohia Jesus Sepulveda da, eta Pozuelo de Alcorconeko alkatea izan zen. Sepulveda ere auzian inputatuta dago.

Barcenas ez ezik, Angel Sanchis PPko diruzain ohia ere inputatu dute. Fiskaltzak 8 urteko espetxe-zigorra eskatu du Ogasunaren aurkako delituengatik, faltsutze-delituengatik eta zuriketagatik. Alvaro Lapuerta diruzain ohiarentzat 3 urteko zigorra eskatu du bidegabeko jabetzearengatik, eta Rosalia Iglesias Barcenasen emaztearentzat 24 urte eta hilabete bateko espetxe-zigorra.

Espetxe-zigorrik handiena Correarentzat eskatu dute Concha Sabadell eta Concha Nicolas epaileek. Bigarren zigor handiena Pablo Cresporentzat eskatu dute, 85 urte hain zuzen ere. Hirugarren zigor altuenaren eskaera Jose Luis Izquierdorentzat da, 43 urte eta 8 hilabete.

Auzian epaituko dituzte baita ere Majadahondako eta Pozuelo de Alcorconeko alkate ohiak. Guillermo Ortega Majadahondako alkate ohiarentzat 50 urte eta 10 hilabeteko zigorra eskatu du Fiskaltzak. Jesus Sepulveda Pozueloko alkate ohiarentzat, berriz, 15 urte eta 4 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du.

Alberto Lopez Viejo PPko Kiroletako sailburu ohia ere auzian inputatuta dago eta 46 urteko espetxe-zigorra eta Madrilgo Komunitateari 430.228 euro itzultzeko eskatu du Fiskaltzak.

Inputatu guztiei hainbat delitu egozten dizkiete, hala nola, zilegi ez den elkarketa, kapitalen zuriketa, Ogasun Publikoaren aurkako faltsutzea, funtzionario-eroskeria, bidegabeko eralgitzea eta bidegabeko jabetzea. Barcenasi eta haren emazteari, gainera, Suitzan zituzten kontuak justifikatzeko maula-prozesala ere egozten diote.

Gertaera hauengatik 25 arduradun zibil ere zehaztu ditu Fiskaltzak. Horien artean daude PP, Ana Mato eta hainbat enpresa.

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)