Itxi

Gurtel auzia

Barcenas defendatzeari uko egin dio Gomez de Liañok

Erredakzioa

Barcenasek 'ABC' egunkariari eskaini zion elkarrizketa erabakia hartzeko arrazoi nagusia izan da. Abokatu berria izendatzeko hiru eguneko epea eman dio Ruz epaileak PPko diruzain ohiari.

Luis Barcenas PPko altxorzain ohia. Artxiboko irudia: EiTB

Luis Barcenas PPko altxorzain ohia defendatzeari uztea erabaki du Javier Gomez de Liaño abokatuak bezeroarekiko konfiantza galdu duelako, iturri juridikoek baieztatu dutenez.

Abokatu berria izendatzeko hiru eguneko epea eman dio Pablo Ruz Gurtel auziaren epaileak PPko diruzain ohiari. Soto del Real espetxera eskabide bat bidali du epaileak, Barcenasi epearen berri emateko. PPko altxorzain ohiak prebentzioko espetxeratzean urte eta erdi darama. Epearen barruan abokatu bat izendatzen ez baldin badu ofizioko abokatu bat jarriko diotela ohartarazi dio epaileak Barcenasi, iturri juridikoek gaur jakitera eman dutenez.

Abokatuak jakin gabe Barcenasek ABC egunkariari elkarrizketa eskaini zion eta defentsa uzteko arrazoi nagusia hori izan da. Bezeroan konfiantza galdu duela argudiatu du Liañok.

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak Auzitegi Nazionalean akusazioa aurkeztu eta egun gutxira heldu da Gomez de Liañoren erabakia. Gurtel sarearen ?aurreneko garaiko?, 1999tik 2005era, gertakariengatik 42 urteko kartzela-zigorra eskatzen zuen Fiskaltzak Barcenasentzat, ustelkeriarekin lotutako hamar bat deliturengatik.

Bigarren aldia

Barcenas defentsarik gabe geratzen den bigarren aldia da; izan ere, Miguel Bajo eta Alfonso Trallero abokatuak ordezkatu zituen Gomez de Liañok.

Bi abokatuek PPko altxorzain ohia defendatzeri uko egin zioten 2013ko uztailaren 8an. Orduan Barcenasek El Mundo egunkariari elkarrizketa eskaini zion. PPk azken 20 urteetan legez kanpoko finantziazioa izan duela adierazi zuen Barcenasek elkarrizketan. Egun batzuk lehenago PPko diruzain ohia espetxera bidali zuten, ekainaren 27an.

Albisteak (3)