Itxi

Foru parlamentua

Euskararen Legearen erreforma otsailaren 19ra arte atzeratu dute

Erredakzioa

PSNk denbora gehiago eskatu du, orain dela gutxi hil den Maria Victoria Arraiza parlamentariaren ordezkoak kargua hartu ahal izateko.

Nafarroako Parlamentuan Euskararen Legearen erreformaren gaineko eztabaida otsailaren 19ko osoko bilkurara arte atzeratu dute, orain dela gutxi zendu zen Maria Victoria Arraiza parlamentari sozialistaren ordezkoak kargua hartzeko denbora izan dezan.

Eztabaida astearteko bilkuran egitekoa bazen ere, PSN-PSOEk atzeratzea eskatu du, parlamentari sozialista guztiek parte hartu ahal izateko, legeak gehiengoak onartzea behar duelako. Foru Parlamentuko alderdiek ez dute oztoporik jarri.

Urtarrilaren 14an, Nafarroako Parlamentuko Foru Erregimenaren Batzordeak Euskararen Legea partzialki aldatzeko txostena onartu zuen, eta, horri esker, eremu ez euskaldunetan euskaraz ikasteko aukera ahalbidetuko dute, betiere, eskaeraren arabera.

Lege proposamena PNSk, Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baik egin zuten, eta Bilduren eta Aralarren aldeko botoa eta UPNren eta PPNren kontrako botoa jaso zuen.

Proposamenaren arabera, euskaraz ikasteko eskaeraren araberako eskaintza egiteko, 26. artikulua aldatu behar da, baina Gobernuak zehaztuko du eskaintza nolakoa den, “irizpide objektiboei jarraituz”.

Albisteak (3)