Giza Eskubideen Batzordea
EPPKrekin biltzea eskatu dio Foro Sozialak Legebiltzarrari
Erredakzioa
Espetxeen eskuduntza EAEren esku uztea eta Legebiltzarrak "giza eskubideen inguruko txostena" bultzatzea eskatu dute Lokarrik eta Bake Bideanek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Lokarrik eta Bake Bideanek osatzen duten Bake prozesua bultzatzeko Foro Sozialak Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin (EPPK) bilera egiteko eskatu dio Eusko Legebiltzarrari, EPPK-k presoen balizko gizarteratzearen eta bizikidetzari egin diezaiokeen ekarpenaren inguruan hitz egiteko.
Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak eta Pello Dufaux Bake Bideaneko kideak Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean agerraldia egin dute goizean, Euskadin bakea lortzeko bidean foroak dituen ekarpenak azaltzeko, eta 2014ko urrian aurkeztutako proposamenei eutsi diete.
Orduko hartan bezala, gaurkoan ere, espetxeen eskuduntza, EAEko Estatutuan jasota dagoen moduan, Eusko Jaurlaritzaren esku uztea eskatu dute Foro Sozialeko kideek. Horrez gain, zigorra "beteta duten presoak" aske uztea "atzeratu dezaketen neurriak" bertan behea uzteko galdegin dute.
Presoentzat ere eskakizun zehatza egin du Foro Sozialak: "Elkarbizitza baketsu eta errespetuzkoarekiko zalantzarik gabeko konpromisoa agertzea".
Legebiltzarrari, hiru eskaera
2014 amaieran egindako proposamenak berresteaz gain, Lokarri eta Bake Bidean erakundeek hiru eskakizun egin dizkiote Legebiltzarrari: espetxeen eskuduntza EAEren esku uztea berrestea (Jaurlaritzak berriki eskatu du transferentzia egitea), Ganberak giza eskubideekiko "errespetu maila"ren inguruko txostena bultzatzea, eta EPPK-ko kideekin bilera egitea.
Riosen arabera, presoek euren jarrera adierazteko dituzten "zailtasunak" kontuan hartuta, bilera hau egitea ezinbestekoa da. Zailtasun horietako batzuk aipatu ditu Lokarriko idazkari nagusiak: presoek bisitatan dituzten mugak, sakabanaketa eta presoen abokatuen kontrako polizia-operazioa. Hain justu, ingurumari horretan, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak "lan garrantzitsua egin lezake", gaineratu du Riosek.