Itxi

KUTXABANK

PPk Cabiecesentzako lanpostu bat eskatu ziola esan du Fernandezek

EITB.EUS

Terrorismoaren aurkako borrokarekin lotura izan duten pertsonei lanpostuak ematea "idatzita ez zegoen lege bat" zela argudiatu du Kutxabankeko presidente ohiak

Your browser doesn’t support HTML5 video

Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiaren esanetan, PPk Mikel Cabieces Espainiako Gobenuaren EAEko ordezkari ohiarentzako "lanpostu bat" eskatu zion, terrorismoaren aurkako borrokarekin izan zuen lotura dela eta.

Hedabideei igorritako ezohiko agiri batean, "terrorismoaren aurkako borrokaren lehen lerroan" izan diren pertsonei laguntzea "30 urtez gobernu eta alderdi guztiek errespetatu izan duten eta idatzita ez zegoen lege bat" izan dela nabarmendu du Fernandezek.

Kutxabankek salaketa aurkeztu zuen Fernandezen aurka, Cabiecesen abokatu bufete bati 240.000 euroko ordainketak egiteagatik. Horregatik, Carmen Adan Bizkaiko fiskalburuak Fernandez eta Cabieces galdekatu ditu gaur.

"Zer egingo zenukete zuek norbaitek terrorismoaren aurkako borrokaren lehen lerroan izan den pertsona bati laguntzea eskatu izan balizue?", galdetu du Mario Fernandezek, agiriaren lehen paragrafoan. "Segur aski, nik neuk eta gobernu, enpresa eta erakunde askok egin dugun gauza berdina", erantzun du Kutxabankeko presidente ohiak berak.

Horren esanetan, 2012ko hasieran "PPko buruzagi batek" deitu, eta Kutxabanken laguntza eskatu zion, Mikel Cabiecesi "lanpostu bat bilatzeko". Gainera, "Estatu politika" gisa, Barne Ministerioarekin eta terrorismoaren aurkako borrokarekin lotura izan duten pertsonei lana bilatzea "ohitura" zela azaldu zion.

"Bidezkoa zen" Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiari lana bilatzen laguntzea, "tradizio luzea baitzen", Fernandezen hitzetan. Horregatik, "Kutxabankeko Giza Baliabideen arduradunari helarazi nion eskaera, eta horrek iguala kontratua genuen abokatu bufete batekin harremanetan jartzea proposatu zidan". "Hainbat kudeaketa egin ondoren, akordioaren berri eman zidaten, eta oniritzia eman nuen", gaineratu du.

2015eko urtarrilean, Fernandez Kutxabanketik kanpo zegoela, Cabiecesen bufetearekin sinatutako akordioaren berri zuela ohartarazi zion erakundearen presidente berriak. "Berehala erantzun nion ez zegoela irregulartasunik, eta dirua nire poltsikotik ordainduko nuela; arraltsalde horretan jakinarazi zidaten zenbatekoa, eta hurrengo egunean ordaindu nuen”, azaldu du.

"Operazioa guztiz zilegia izan zen"

Fiskaltzan deklaratu ostean eta aipatu agiria bidali baino, Fernandez "oso haserre" agertu da kazetarien aurrean, eta operazioa "guztiz zilegia" izan dela adierazi du.

Halaber, prozedura judiziala bukatu eta gero, auzitara joko duela aurreratu du, baina ez du argitu noren aurka.

Erakundeari "kalterik" egin ez diola azpimarratu du Kutxabankeko presidente ohiak, eta, "egitekotan, nik neuk ordaindu nuen".

"Ez diot inolako ikasgairik onartuko inori Kutxabanken harira. […] Nik sortu nuen Kutxabank, nik egin nuen borroka horren alde, eta Espainiako banku bideragarriena izanda utzi nuen", gaineratu du.

Bestalde, Mikel Cabiecesek errefusatu egin du hedabideen aurrean adierazpenak egitea.

 

Albisteak (7)

Bideoak (3)

Informazio gehiago (1)