Dirutza Suitzan
Falcianiren zerrendako lehen izenak, argitara: Botin, Alonso...
Erredakzioa
Nazioarteko hainbat hedabide Suitzan dirutza duten pertsona ospetsuen izen-abizenak publikatzen hasi dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nazioarteko hedabideak Falcianiren zerrendako lehen izen-abizenak argitaratzen hasi dira astelehen honetan. Hain zuzen ere, HSBC banketxe britainiarraren Suitzako filialean dirutza ezkutatuta duten "milaka" pertsona ospetsuren izenak daude zerrenda horretan.
Kazetarien Nazioarteko Elkarteak (ICIJ) egin du ikerketa, Le Monde egunkari frantziarrak koordinatuta, eta Espainiako El Confidencial hedabideak ere hartu du parte bertan.
Hedabide horren esanetan, besteak beste, Emilio Botin Santander bankuko presidente zenak, Fernando Alonso Bat Formulako pilotuak eta Mohammed VI.a Marokoko erregeak dute dirutza Suitzan.
Ikerketaren arabera, HSBCk zergak ez ordaintzeko aholkuak eman zizkien Suitzako filialaren bezeroei. Munduko bigarren banku garrantzitsuena da, eta Suitzako filialak legez kanpoko jarduerak egin dituela aitortu du.
Botin sendiak 2.000 milioi euro ei ditu HSBC bankuan. Gainera, elkarte-sare bat erabili izan du, "kontu-korronteen jabea nor den ezkutatzeko".
Fernando Alonso ere zerrendan agertzen da. Dena dela, horren finantzak "legezkoak" direla esan dute pilotuaren aholkulariek. “Ohore eskubidea urratzeagatik salaketak” aurkeztuko dituela iragarri du Alonsok.
Nazioarteko hedabideek beste izen hauek ere publikatu dituzte: Michael Schumacher, Valentino Rossi, Abdala II.a Jordaniako erregea, Elle MacPherson modeloa, Marat Safin tenis-jokalaria, Heikki Kovalainen pilotua, David Bowie eta Tina Turner abeslariak, Flavio Briatore enpresaburua, Christian Slater aktorea eta Valentino diseinatzailea.
Diego Forlan Uruguaiko futbol-jokalaria eta Joan Laportaren garaian Barçako presidenteorde izan zen Alfons Godall ere zerrendan agertzen dira.
Herve Falciani HSBC bankuko langilea zen, eta, 2009. urtean, hainbat herrialdetako justiziarekin kolaboratzen hasi zen, zergak ordaintzen ez dituzten pertsonen izenak ezagutzera emateko.