Apirilak 5
Independentistak sareak Iruñean ospatuko du berriro Aberri Eguna
Erredakzioa
Ekitaldi "parte-hartzailea" eta "irekia" izatea nahi du, Euskal Herria "modu librean eta demokratikoan" eraiki nahi dutenen bilgune.
Independentistak sareak Iruñean ospatuko du, apirilaren 5ean, aurtengo Aberri Eguna, eta Euskal Herriak "nazio aitorpena" behar duela eta "munduko herrien artean bere lekua" merezi duela aldarrikatuko du.
"Munduaren aurrean adierazi behar dugu gure etorkizuna askatasunean, demokrazian, justizia sozialean eta berdintasunean eraiki nahi dugula, inolako inposaketarik edo kanpo esku-hartzerik gabe, eta, horretarako, subiranotasun osoa behar dugu", azaldu du kolektiboak prentsa-ohar batean.
Aberri Egunean manifestazioa, ekitaldi politikoa eta bestelako jarduera batzuk egingo dituzte, Nafarroako hiriburuko kaleak hartuko dituen egun osoko ospakizunean.
Ekitaldi "parte-hartzailea" eta "irekia" izatea nahi du Independentistak sareak, Euskal Herria "modu librean eta demokratikoan" eraiki nahi dutenen bilgune.
Izan ere, Aberri Eguna euskal herritar guztiek elkar hartuta ospatzeko eguna da, "siglen eta familia politikoen gainetik", gaur egun "aukera bakarra euskal Estatua eraikitzea eta Euskal Errepublika independentea aldarrikatzea" delako.