Irregulartasunak
Kontu Auzitegiak 440.000 euro erreklamatu dizkie Alonsori eta Marotori
Erredakzioa
Alokairu batean desegoki jokatu izanagatik 439.365 euro eskatu dizkie Kontuen Auzitegiak Alfonso Alonso, Javier Maroto eta 2013 eta 2007 artean udal gobernua osatu zuten PPko kideei.
Estatuko Kontu Auzitegiak 440.000 euro inguru eskatu dizkie Alfonso Alonso egungo Osasun ministroari, Javier Maroto Gasteizko alkateari eta Gasteizko udaletxean PPko bost zinegotzi ohiei, bulego batzuk alokatzeko sei milioi euroko kostua izan zuen kontratua sinatzeagatik.
EFE agentziak ezagutarazi duen dokumentuaren arabera, Kontu Auzitegiak uste du kontratu horretan irregulartasunak izan zirela. Bulegoak Gonzalo Antonenak ziren, 2006an erosi zituen, 2,7 milioi euroren truke, eta, urtebete geroago, Alfonso Alonsorekin sinatutako alokairu- kontratuagatik askoz diru gehiago jaso zuen.
Gainera, zigor-klausula bat gehitu zuten, kontratua bertan behera utzi izan balitz indarrean jarriko litzatekeena, eta Kontu Auzitegiak uste du neurri horrek “kontu publikoaren kalterako” izan zela.
Kontu Auzitegiak martxoaren 5erako deklaratzera deitu ditu Alfonso Alonso eta garai hartan udaletxean lanean ari ziren PPko bost zinegotziak, alegazioak aurkez ditzaten.
Alabaina, EFEk PPko iturriak aipatuta zabaldu duenez, Alonso eta PPko zinegotzi ohiak ez dira auzitegira joango. Abokatu-talde bat joango da haien izenean.
Llanos: 'Azalpenak emango dizkio Alonsok Kontuen Auzitegiari'
Nerea Llanos Euskadio PPren idazkari nagusiak ez du “inongo zalantzarik” Alfonso Alonso egungo Osasun ministroak Kontuen Auzitegiari “beharrezkoak” diren azalpenak emateaz. Bulego batzuk merkatuak ezarritakoa baino prezio “altuagoan” alokatzeagatik aurkeztu ditu alegazioak auzitegiak.
Javier Ruiz Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaiaren aurkezpenean egin ditu adierazpen horiek Nerea Llanosek.
“Kontu hau modu sakonean eztabaidatu da Gasteizko Udalean, eta beharrezkoak izan diren azalpenak eman dira bertan”, adierazi du Euskadiko PPko idazkari nagusiak.
“Kontuen Auzitegiak deitzen dituztenean beharrezkoak diren azalpenak emango dituzte, ez dut zalantzarik”, gaineratu du.