Gipuzkoa
Batzar Nagusiek AP-1eko ustezko irregulartasunak ikertuko dituzte
Erredakzioa
Ikerketa batzordea sortzea onartu dute, Bilduk, Aralarrek eta PPk alde bozkatuta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gipuzkoako Batzar Nagusiek batzorde bat sortuko dute, azken legegintzaldian AP-1 autobidea eraikitzeko lanetan atzemandako ustezko irregulartasunak argitzeko. Bilduk, Aralarrek eta PPk alde bozkatu dute, eta EAJk eta PSE-EEk, ordea, aurka.
Halaber, batzordearen saioak publikoak izatea ere onartu dute aho batez, gaur gai horri buruz egindako bilkura monografikoan. Tentsio handia izan da bozeramaileen artean, eta purrustada ugari egin dizkiote batak besteari.
Batzar Nagusiek sortuko duten batzorde horrek auzi honetako balizko ardura politikoak ikertuko ditu. Azpeitiko epaitegi batek, bere aldetik, instrukzioa abiatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiak kereila jarri ondoren Bidegiko arduradun ohi baten eta enpresa pribatu biren arduradunen kontra, AP-1 autobidea eraikitzeko lanetan diru publikoa ustez bidegabe erabili izana eta dokumentuak faltsutu izana egotzita.
Sozietate publiko horren egungo kudeatzaileek egindako azterketaren arabera, hiru pertsona horiek 3,4 milioi euro ordaindu zituzten azpiegitura horretan egin ez ziren lan batzuen truke. Lan horiek ordaintzeko agindua 2011n eman omen zuten, AP-1eko lanen azken likidazioan, agintean EAJren kudeatzaileak zeudela.
Gipuzkoako Diputazioak salatutako ustezko iruzurra lur-soberakinen depositu batekin lotuta dago; Eibar eta Gasteiz lotzen dituen AP-1 autobideko Eskoriatza Iparraldea-Arrasate Iparraldea tartean egin, eta depositu horretara lurrak garraiatzeko eta bertan biltzeko indusketa-lanekin, hain zuzen.
Ustezko erantzukizun politikoak ikertzeko beharra nabarmendu dute Bilduk, Aralarrek eta PPk gaurko bilkuran, "gizarteak diru publiko horrekin zer gertatu den jakiteko eskubidea" daukala argudiatuz.
EAJ eta PSE-EE gertatutakoa aztertzeko prest agertu badira ere, "araudi-arazoak" eta "epeak" aipatu dituzte batzordea ez babesteko. Legealdia amaitzear dagoela eta martxoaren amaieran Batzar Nagusiak desegin behar dituztela gogoratu dute jeltzaleek eta sozialistek.
Une batzuetan, tentsioa izan da nagusi Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Iban Asenjo Bilduko kideak galdetu du ia “kasualitatea” den Josu Bergara Bizkaiko diputatu nagusi ohia Eptisa Cinta enpresako presidentea izatea. Auzi horretan, planoak faltsutzea leporatu diote enpresa horri. “Eta kasualitatea al da enpresa horretan PSE-EEko kide bat ere izatea? Nola uler liteke eskarmentua eta trebakuntza ez duten EAJko eta PSE-EEko kideak enpresa horren administrazio kontseiluan egotea?, galdetu du Asenjok.
Julio Astudillo PSE-EEko ordezkariak azaldu duenez, Asenjok gogora ekarritako ordezkari sozialista Iñaki Dubreil da, ETAk 2001ean egindako atentatu batean zauritu zuena. “ETA mundu honetatik ateratzen saiatu zen, eta Bilduk ez du Dubreil inongo administrazio kontseilutan egotea nahi”, salatu du.