Epaiketa Arraizen kontra
Barrenak dio jazarri egiten dituztela ideia politikoengatik
Erredakzioa
Sorturen bozeramaileak azaldu duenez, alderdiko presidentearen kontra eskatu duten zigorrak agerian uzten du ez dagoela "berdintasunik aukera politiko guztientzat".
Pernando Barrena Sorturen bozeramaileak salatu du Hasier Arraiz alderdiko presidentearen kontra eskatu duten zigorrak agerian uzten duela ez dagoela "berdintasunik aukera politiko guztientzat".
Barrenak prentsaurrekoa eman du Donostian fiskalaren eskaria kritikatzeko. Fiskalak dio Arraiz "Batasuneko Mahai Nazional klandestinoko" kidea izan zela 2005eko urritik 2009ra. Carpalsororen hitzetan, Mahai Nazional hori, "ETArekin elkarlanean", Euskal Herriko "independentzia lortzen" saiatu zen, "indarkeria erabiliz". Horregatik, sei urteko espetxe zigorra eta epe bereko gaintasungabetzea eskatu du.
Barrenak salatu du "erabat onartezina" dela Ministerio Publikoaren eskaera, "militantzia politikoagatik Arraizen jarduera mugatu" nahi duelako.
Haren esanetan, horrek "agerian uzten du herri honetan militante politikoak mehatxatzen jarraitzen dutela jarduera horrengatik".
"Epaileek, fiskalek, Gobernuaren ordezkariek eta hainbat koloreko poliziek herritarrak jazartzen jarraitzen dute dituzten ideiengatik eta militantzia politikoagatik. Horretarako, espetxe eskariak, espetxeratzeak, kereilak eta kontrolak egiten dituzte", berretsi du Barrenak.
Sorturen bozeramailearen ustez, "ezker abertzaleak desabantailaz jokatzen jarraitzen du politikan"; izan ere, "ez dago berdintasunik aukera politiko guztientzat", eta "erabateko gezurra da ideia politiko guztiak berdintasunean defenda daitezkeela".
a daitezkeela".