Itxi

Bilera Etxeratekin Bruselan

Europako PPko europarlamentari batek presoen sakabanaketa kritikatu du

Erredakzioa

Etxerat Dimitrios Papadimoulis Europako Parlamentuaren presidenteorde eta Syrizako kidearekin batzartu da, besteak beste.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Etxerat euskal presoen senideen elkarteak presoen sakabanaketagatik sufritzen dutena azaldu du Flandriako Ganberan eta bilerak egin ditu Bruselan europarlamentariekin, tartean Europako PPko europarlamentari batekin, presoen sakabanaketaren kontra agertu den batekin hain zuzen ere.

Etxeratek agiri batean azaldu duenez, Frank Engel Europako Alderdi Popularreko (EPP) kidearekin batzartu dira, eta esan omen die ez duela ulertzen nola Espainiak ez duen "kartzela politika malgutzen gatazka konpontzeko, eta nola jarraitzen duten indarrean une politiko honetan presoen kontrako salbuespen neurriek, senideei zuzenean kalte egiten dieten neurriek".

Etxeraten arabera, PPko europarlamentariarekin izandako bilera "adeitsua" eta "gertukoa" izan da.

Hamaika pertsonak osatutako ordezkaritza bat joan da Belgikako hiriburura bai presoek bai senideek pairatzen duten "giza eskubideen urraketa" salatzeko.

Etxeratek prentsa ohar batean jakitera eman duenez, bilera bat egin du Flandriako Parlamentuan, eta hainbat alderditako europarlamentariekin batzartu da.

Dimitrios Papadimoulis Europako Parlamentuaren presidenteorde eta Syrizako kidearekin, Malin Bjork Vatespartietekoarekin, Lidia Senra Anovakoarekin, Bart Staes flandriarrarekin eta Mark Demeskaeker N-VA taldekoarekin bildu da, besteak beste.

Etxeraten arabera, sakabanaketak "euskal preso politikoen" senideei eta lagunei eragiten dien "sufrimendua" azpimarratu dute bilera horietan, "asteburuetan milaka kilometro" egin behar dituztelako.

"Neurtutako sufrimendu" horrek presoen eta senideen giza eskubideak "sistematikoki" urratzen dituela salatu dute.

Era berean, "duela 26 urte sakabanaketa ezarri zenetik" trafiko istripuz 16 pertsona hil direla gogorarazi dute.

Euskal presoen senideen elkarteko ordezkariek prentsaurrekoa emango dute bihar Europako Parlamentuan bertan.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)