De Miguel auzia
EAJk 'bultzada politikoa'ren susmoa du 'De Miguel auzia'n
Erredakzioa
EH Bilduk Arabako "erakundeak haizatzeko" beharra ikusten du, eta PPk dio autoa "Arabako klientelismo nazionalistaren liburu beltza" dela.
Epaileak 'De Miguel auzia'ren autoa eman du gaur argitara, eta 26 inputaziori eutsi die, EAJko buruzagi ohirenari, besteak beste. Horren ostean, euskal alderdi politikoen erreakzioak iritsi dira errenkan.
Hala, EAJren Euzkadi Buru Batzarrak epaiketa ez politizatzeko deia egin du. EAJk, prentsa-ohar batean, "susmoa" agertu du prozedura judizial honen "sakoneko arrazoiarekin"; izan ere, "egia bilatzetik harago, bultzada politikoa" egon daitekeela uste du, udal eta foru hauteskundeak gertu daudelako.
EAJren ustez, auziaren jatorria "ez dago kolektibo baten jardueran, baizik eta pertsona jakin batzuen ustezko jokabidean".
Epaiketak "gertakari guztiak argitzeko eta ardurak, baleude, zehazteko" balio izatea espero dute jeltzaleek, baina "auzipetutako guztien errugabetasun presuntzioaren errespetua" eskatu dute.
EH Bilduren iritziz, berriz, auziak agerian uzten du Arabako "erakundeak haizatu" beharra daudela, "aire fresko berria sar dadin".
Koalizio abertzaleak esan du "horrelako egoerak amaitzeko unea" iritsi dela, eta horretarako beharrezkoa dela "Arabako erakundeak haizatzea, aire freskoa eta garbia sar dadin".
Agiri batean, Kike Fernandez de Pinedo ahaldun nagusi izateko hautagaiak esan du Araban agindu dutenek, EAJk, PSE-EEk eta PPk, "kudeaketa eredu bakarra" izan dutela: "Klientelista eta praktika ustelak".
PPri dagokionez, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak hitz egin du, eta esan du autoa "Arabako klientelismo nazionalistaren liburu beltza" dela.
De Andresek prentsaurreko batean azaldu duenez, autoan "azaltzen dira lagunei eta gertukoei mesede egiteko erakundeetan erabili dituzten trikimailu guztiak".
mailu guztiak".