Itxi

Espetxea

Eten egin dute Jonan Fernandez Rafa Diezi egiten ari zitzaion bisita

Erredakzioa

Espetxe Zuzendaritzak erabakita eten dute, araudia urratu dutelakoan. Jaurlaritzak, ordea, gezurtatu egin du bertsio hori, eta "manipulatutako filtrazioa" salatu du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Espetxe Zuzendaritzak eten egin du Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkariak Rafa Diez Usabiaga LABen buruzagi ohiari El Duesoko (Kantabria) espetxean egin dion bisita, arauak urratu dituztelakoan. Izan ere, presoak eduki politikoren bat zuen idatzi bat erakutsi dio bisitan joandakoari, eta hori debekatuta omen dago.

Espetxeko iturriek jakitera eman dutenez, bisita baimendua zegoen, presoak eskatuta. Rafa Diez sei urte eta erdiko kartzela-zigorra betetzen ari da, Arnaldo Otegirekin batera eta Bateraguneren bitartez, Batasuna berriro eraikitzen saiatzea leporatuta.

Aipatu iturrien arabera, 10:30ean hasi da bisita, eta "lagunartekoa" zen, Fernandez ez baita erakunde baten ordezkari gisa joan.

Hizketaldia grabatzen ari ziren, eta presoak eta bisitariak bazuten horren berri. Baina une batean, Usabiagak paper bat erakutsi omen dio kristalaren beste aldetik, eta hori debekatuta omen dago. Horregatik, funtzionarioek eten egin dute elkarrizketa.

Espetxeko iturrien esanetan, elkarrizketa politikoa izan da "erabat", eta paperean eduki politikoak zeuden idatzita.

Jaurlaritzaren bertsioa

Eusko Jaurlaritzak eitb.eus-i jakinarazi dionez, bisita duela hilabete batzuk eskatu zuen Jonan Fernandezek Bake eta Bizikidetza idazkari gisa, "inola ere ez lagun gisa", eta ordu erdiz hitz egin ahal izan dute normaltasunez.

"Topaketa hasi eta ordu erdira, funtzionario batek, espetxearen zuzendariaren izenean, idazten ari zen oharrak entregatzen ez bazituen bisita eten egingo zuela esan dio Jonan Fernandezi", gaineratu dute iturriek.

Horren aurrean, "Jonan Fernandezek erantzun dio Eusko Jaurlaritzako kide gisa zegoela espetxean eta, duintasun instituzionalagatik, baldintza horietan bertan behera geratuko zela topaketa".

Gainera, Jaurlaritzaren ordezkariari ez omen diote jakinarazi elkarrizketa grabatzen ari zirela, eta oharrak idaztea debekatuta zuela.

Jaurlaritzatik azaldu dute batzarraren helburua "egungo egoera hobetzeko garrantzitsuak izan daitezkeen ahotsak eta iritziak jasotzea" zela.

Era berean, Jaurlaritzak argi adierazi nahi izan du Rafa Diezek ez duela "dokumentu politikorik" erakutsi, "baizik eta egungo egoeraren iritzi eta gogoeta pertsonala laburtzen zuten bi eskema".

Azkenik, iturriek salatu dute "gertatutakoaren filtrazio manipulatuak agerian uzten duela gertakariaren esanahia".

aren esanahia".

Bideoak (1)