Generalitatearen galdeketa
CiU eta ERC ia berdinduta I-27ko hauteskudeei begira
Erredakzioa
Generalitateko Iritzi Ikergunearen barometroaren azken galdeketaren arabera, hirugarren postua Ciutadans edo Podemosentzat izango litzateke.
Irailaren 27an Katalunian egingo diren hauteskundeetan emaitza bertsuak izango dituzte CiUk eta ERCk, Generalitateak egindako galdeketa baten arabera. CiUk 31-32 eserleku lortuko ditu eta ERCk, 30 edo 31, galdeketak aurreikusitako emaitzak betez gero. Hirugarren postua Ciutadans eta Podemos alderdien artean lehiatuko da. Bakoitzak 16 edo 17 diputatu lortuko ditu.
Generalitateko Iritzi Ikergunearen barometroak irailaren 27ko Kataluniako hauteskundeen eta urte amaieran edo datorren urte hasieran izango diren Espainiako hauteskundeen inguruan galdegin die kataluniarrei. Hauteskunde nagusiei dagokienez, CiUk irabaziko ditu, 12 diputatu lortuta. Podemosek 11-12 diputatu lortuko ditu, eta Esquerrak, 8 edo 9.
Kataluniako Parlamentuan egun 50 diputatu ditu CiUk. Galdeketaren arabera, 31-32 izango ditu datozen hauteskundeen ostean. CiUren beherakadaren beste aldean dago ERCren gorakada. Datuen arabera, 30-31 izango ditu. Egun 21 diputatu ditu.
Hirugarren postuan ere berdinketa egongo da. Podemos indar handiz sartuko da Kataluniako politikan, eta 16-17 eserleku lortuko ditu, galdeketa horren arabera. Ciutadans alderdiak ere diputatu kopuru bera lortuko du (egun 9 ditu).
PPC kokatuko da laugarren postuan, 13-14 diputaturekin (egun 19 ditu) eta PSC 20 eserleku izatetik 11-12 izatera igaroko da. CUP alderdiak 3 eserleku gehiago lortuko ditu (10-11, guztira), eta ICV-EUiAk 7 ordezkari galduko ditu. Inkestaren arabera, azken alderdi horrek 6-8 diputatu lortuko ditu iraileko hauteskundeetan.
Politikariei nota jartzeko ere erabili dute galdeketa. Hiru politikarik soilik gainditu dute. CUP alderdiko David Fernandezek 5,88 lortu du, ERCko Alfred Boschek 5,25 eta Oriol Junquerasek 5,05. Artur Masek ez du gainditu. 4,42 lortu du.
Independentziaren kontra, alde baino gehiago
Independentziaren kontrako jarrerak % 48ko babesa lortuko luke, aldekoaren % 44,1aren gainetik, barometroaren arabera.
Ikerketan honako galdera egin diete herritarrei: "Katalunia Estatu independente izatea nahi duzu?". % 6k ez zekien zer erantzun, eta % 1,8ak ez zuen erantzun nahi izan.
Abendua erdialdeko inkestan emaitzak honakoak izan ziren: % 44,5 independentziaren alde, % 45,3 independentziaren kontra, % 7,5ek ez zekien zer erantzun, eta % 2,8k ez zuen erantzun nahi izan.