Elkarrizketa
Urkullu: 'Autogobernuak izan behar du euskal bidearen abiapuntu'
Erredakzioa
Lehendakariaren ustez, aurrena "barne akordioa" lortu behar da EAEn, gero "Estatuarekin ituna lortzeko".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ezker abertzaleak proposatutako "euskal bidea" baztertu egin du Iñigo Urkullu lehendakariak, zerotik abiatu beharrean autogobernuak izan behar duelako abiapuntu. Urkulluren ustez, aurrena "barne akordioa" lortu behar da EAEn, gero "Estatuarekin ituna lortzeko".
Herri Irratiari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, "ezker abertzaleak edo EH Bilduk proposatutako 'euskal bidea' baino, autogobernua abiapuntu duen bidearen alde nago ni, eta horren alde egin behar dugu, uneotan, asko dagoelako defendatzeko".
"Autogobernuan badira giltzarri diren gai batzuk, hala nola, Kontzertu Ekonomikoa. Horren defentsan oinarritu zen EAJren hauteskunde-programa", gaineratu du.
Urkulluren hitzetan, autogobernuan aurrera egin behar dugu, eta horretan "Eusko Legebiltzarreko Autogobernuari buruzko lantaldeak badu erantzukizuna. Maiatzera arte autogobernu maila aztertu eta nola garatu daitekeen zehaztuko du", azaldu du lehendakariak.
"Hortik aurrera, talde parlamentarioek, hala nahi badute behintzat, autogobernuan aurrera egiteko proposamenak aurkez ditezakete. Hain zuzen, horrek harritzen nau, ezker abertzaleak edo EH Bilduk zerotik abiatu beharreko 'euskal bidea' proposatzea. Ez dut uste zerotik hasteko gaudenik", argudiatu du.
Rajoyrekin, elkarrizketa zuzenik ez
Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin azkenengoz bildu zenetik, 2014ko irailaren 15etik, Gobernuko buruarekin inongo harremanik ez duela izan esan du Urkulluk. "Ez dugu berriro hitz egin", adierazi du.
Dena dela, sailburuen eta ministroen arteko harremanak egon badaudela onartu du lehendakariak, baina "bi gobernuen arteko harremanak arlo jakin batzuetara mugatzen dira, goi-mailako harremanik ez dago", nabarmendu du.
nabarmendu du.