Itxi

Maiatzeko hauteskundeak

Enpresak laguntzeko zerbitzu publikoa abian jarriko du EH Bilduk

Erredakzioa

Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusirako EH Bilduren hautagaiak Zestoako TS Fundicioneseko langileekin bilera egin du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EH Bilduk enpresa txikiei, ertainei eta kooperatibei zuzendutako aholkularitza zerbitzu publikoa eta unibertsala eratuko duela iragarri du larunbat honetan Zumaian egin duen agerraldian.

Xabier Olano Gipuzkoako ahaldun nagusirako EH Bilduren hautagaiak egin du iragarpena Zestoako TS Fundicioneseko langileekin batera eskaini duen agerraldian. Prentsaurrekoaren ostean, Olanok TS Fundicioneseko langileekin bilera egin du.

EH Bilduko hautagaiaren esanetan, "krisiaren eraginagatik edo sistema beraren ondorioengatik arazoak dituzten enpresentzat zerbitzu tekniko publiko bat eskaintzea behar beharrezkoa da".

"Alde batetik, TS Fundiciones bezala, ixteko arriskuan dauden enpresak salbatzeko zerbitzua izan behar du. Eskualdeetan edo sektorean duten eraginagatik, bere lanpostu kopuru garrantzitsuagatik, edo eskualde edo sektoreko motorra direlako estrategikoak diren eta arriskuan egon daitezkeen enpresekiko txoke-planak martxan jartzea lehentasunezkoa da. EH Bilduk ez ditu enpresa hauek erortzen utziko. Eta edozein kasuetan, gure eskuetan dugun guztia egingo dugu deslokalizazioak eta enpresa itxierak saihesteko", nabarmendu du.

Bestalde, EH Bilduren iniziatibaz, Gipuzkoan bestelako eredu bat eraikitzen ari dela azaldu du. Halaber, Olanok azpimarratu du EH Bildu Gipuzkoako Foru Aldundira iritsi zenean (2011n) enpresa handiak zirela diru-laguntza guztiak eramaten zituztenak. "Enpresa ertain eta txikiek ez zuten, ez denborarik, ez baliabiderik, Diputazioak nazioarteratzeko eta berrikuntzarako ematen zituen diru laguntzetara aurkezteko. Haatik, legegintzaldi honetan laguntzak jasotzen dituzten enpresen eta eragileen kopurua igo egin dira: lehen baino %51 eskaera gehiago jasotzen dugu", gaineratu du.

Albisteak (3)

Bideoak (1)