Itxi

Irailaren 27aren ondoren

Kataluniaren independentzia lortzeko ibilbide orria adostu dute

Erredakzioa

CDCk, ERCk, Assemblea Nacional Catalanak eta Associacio de Municipis per la Independenciak aurreakordioa sinatu dute; eta EUiAk eta CUPek ez dute, oraingoz, sartu nahi izan.

Mas eta Junqueras. Argazkia: Efe

CDC-Reagrupament eta ERC alderdiek, Assemblea Nacional Catalanarekin (ANC) eta Associacio de Municipis per la Independenciarekin (AMI) batera, irailaren 27ko hauteskundeen ondoren Kataluniaren independentzia lortzeko ibilbide orrirako aurreakordioa sinatu dute.

Duela bi aste publiko egindako testua da sinatutakoa, eta ez du EUiAren eta CUPen babesik, oraingoz. Azken horren kasuan, gainerako alderdiekin proposamen propioa negoziatzeko asmoa du.

EUiA testuarekin ados agertu zen, baina gero bat ez egitea erabaki zuen. Orain, ibilbide orrian autodeterminazio erreferenduma agertzeko exijitzen dute, eta irailaren 27ko hauteskundeei plebiszitu izaera kentzea.

Irailaren 27tik aurrerako bidea ezartzea da ibilbide orriaren helburua, epeka Kataluniaren independentzia lortzea aurreikusten du.

Gaurko aurreakordioa sinatu duten alderdiek igorritako oharrean azaltzen denez, "talde berrien" atxikimendua lortu nahi dute, baina "barne eztabaiden prozesuarekin errespetuari eutsita".

"Dokumentuaren sinatzaileok CUPekin hitz egiten ari gara prozesu konstituziogilerako agertokia zabaltzeko eta eraikitzeko", adierazi dute oharrean.

Babes gehiagoren zain, aurreakordioaren sinatzaileek diote Artur Mas Generalitatearen presidenteak hauteskundeen deialdia sinatzen duenean eta alderdi politikoek hauteskunde programan sartzen dutenean bihurtuko dela aurreakordioa akordio.

Testuan agertzen denez, alderdi subiranistek gehiengo osoa lortzen badute, Parlamentuak "Kataluniako errepublika edo estatu berria eratzeko prozesuari hasiera emateko adierazpena" onartuko du.

Albisteak (3)