Itxi

Bakea eta bizikidetza

ETAren biktimen izenak monolito batean gehitzea proposatu du Goiak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

EAJren Donostiako alkategaiak proposamen bat egin du Alderdi Ederreko lorategietan jarrita dagoen monolitoaren inguruan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Donostiako Alderdi Ederreko lorategietan kokatuta dagoen terrorismoaren biktimen oroimenezko monolitoan ETAren biktimen izen-abizenak gehitzea proposatu du Eneko Goia EAJren Donostiako alkategaiak, hiriaren "aitorpen" ekintza gisa.

Hala iragarri du Eneko Goiak Aieteko Jauregian, haren hautagaitzako hainbat kidez lagunduta, egin duen prentsa agerraldian. Bake eta bizikidetza alorrean dituen proposamenez aritu da kazetarien aurrean.

Hautagai jeltzaleak lehenik eta behin azpimarratu du hiriko biktimak aitortzeko beharra dagoela; izan ere, ETAk eragindako biktima eta bestelako biktima gehien dituen hiria dela gaineratu du.

Azaldu duenez, Alderdi Ederreko lorategietan dagoen monolitoan, batez ere, ETAren biktimak omentzen dira. Haren esanetan, "iritsi da unea ETAren biktimen izen-abizenak monolito horretan agertzeko"; izan ere, "Donostiak egin beharreko aitortza ekitaldi bat da".

"Biktimei hori zor diegu. Hiri honetako biktimak ez dira anonimoak eta horien senideek oroigarri bat merezi dute, horien izen-abizenak jarrita", azpimarratu du Goiak. Aldi berean, esan du Goikoa Jauregiaren parean, frankismoaren biktimen oroimenez jarrita dagoen eskulturan, biktimen izen-abizenak ageri direla.

Bestalde, Eneko Goiak bigarren proposamen bat ere egin du, hots, Donostiako Udaleko giza eskubideen batzordeari "bake, bizikidetza eta giza eskubideak" izena jartzea. Horren esanetan, aipaturiko lantaldeak "guztion artean aurrera egiteko plataforma" izan beharko luke. Halaber, iragan legegintzaldian udaleko alderdi guztiak lantalde horren bueltan eseri ez izana deitoratu du.

Albisteak (2)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)