Inbestidura
Susana Diazek 'lehenbailehen' osatu nahi du Andaluziako Gobernua
Redacción
Podemosek "negozia ezin diren" baldintzak jarri ditu inbestiduran babesa emateko, eta Ciudadanosek Chaves eta Griñan kanporatzea eskatu du negoziatzen hasteko.
Susana Diaz Andaluziako jarduneko presidenteak azpimarratu du erkidegoak gobernua "behar" duela "lehenbailehen", eta "taktikak eta alderdikeriak" ezin direla "andaluziarren interesen gainetik jarri".
Sevillan kazetarien galderei erantzunez adierazi duenez, egunotan gizarte eragileekin egindako elkarrizketetan "guztiek bat egin dute Andaluziak lehenbailehen gobernua behar duela esatean".
"Andaluziak ezin du minutu bat bera ere galdu, irabazi egin beharra dauka, eta lehenbailehen bete behar dugu, arduraz, herritarrek hauteskundeetan eskatutakoa, Andaluziari Gobernua emateko, susperraldi ekonomikoa bizkortzeko, eta herritarrek nabaritzeko", gaineratu du.
"Andaluziarrek erabaki dute PSOEk agintzea nahi duela, hauteskundeak alde handiarekin irabazi dituelako. Nola gobernatu behar duen ere esan dute: mundu guztiarekin hitz eginez, Parlamentu barruan eta kanpoan", adierazi du Diazek.
Podemosen baldintzak "ezin dira negoziatu"
Horren guztiaren aurrean, Pablo Iglesias Podemosen buruak ohartarazi du ez dagoela "hitz egiteko ezer" Susana Diazen inbestidura babesteko jarri dituzten baldintzei "baiezko erantzuna" ematen ez badie, baldintza horiek ezin direlako negoziatu.
"Gure elkarrizketarako borondatea erakusteko modu bat da, baina ezin dira negoziatu. Ez dugu merkatu persiarrik egingo", azpimarratu du Iglesiasek Podemosen Koordinazio Kontseiluaren bileraren ondoren emandako prentsaurreko batean.
Izan ere, Iglesiasek uste du Teresa Rodriguez Podemosen Andaluziako hautagaiak egindako eskaintza "oso argia eta zentzuzkoa" dela, eta ez duela eztabaidarako tarterik uzten.
Podemosek hiru baldintza jarri ditu presidente izendatzekoko inbestidura ekitaldian Diaz babesteko: Manuel Chaves eta Jose Antonio Griñan presidente ohien dimisioa, etxe kaleratze gehiagorik ez egitea, eta goi kargudun eta aholkulari kopurua murriztuta aurreztutako dirua medikuak eta irakasleak kontratatzeko erabiltzea.
Ciudadanosek "iragana atzean uztea" eskatu du
Albert Rivera Ciudadanosen (C’s) presidenteak Jose Antonio Griñan eta Manuel Chaves kanporatuta "iragana atzean uzteko aukera" duela esan dio Susana Diezi, eta hori jarri du inbestidurarako negoziatzen hasteko baldintza gisa.
"PSOEk iragana atzean uzteko aukera du Griñan eta Chaves kanporatuta, forudun izateari utz diezaioten eta epaituak izan daitezen, eta orduan hitz egingo genuke hauteskunde legeaz, Andaluziako Ekonomiaz, langabeziaz, hezkuntzaz, etab", esan du Kanarietan emandako prentsaurreko batean.