Itxi

Maiatzak 29

ETAren eta GALen biktimek topaketa bat egingo dute Kongresuan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

50etik gora diputatuk eskatu zuten batzarra egitea, eta Kongresuko Mahaiaren oniritzia jaso du gaur.

Madrilgo Diputatuen Kongresua. Argazkia: Efe

ETAren eta GALen biktimek topaketa bat egingo dute maiatzaren 29an, hauteskundeen ostean, Madrilgo Diputatuen Kongresuan, Mahaiak eskakizunari oniritzia eman ostean, Efe albiste agentziak Kongresuko iturriak aipatuta jakitera eman duenez.

Kongresuko 50etik gora diputatuk egin zuten topaketa egiteko eskakizuna (EAJ, CiU, Ezker Anitza, Amaiur, Odon Elorza PSOEkoa, etab.), eta gaur Kongresuko Mahaiaren oniritzia jaso du; hau da, PPren, PSOEren eta CiUren oniritzia.

Jesus Posada Kongresuko presidenteak lehenengo unetik esan du ez dagoela ekitaldiaren kontra, eta Ernest Lluch izeneko aretoa, ETAk hildako politikari sozialistari eskainitakoa, proposatu zuen.

"Euskal Herriko bakearen eta elkarbizitzaren alde" izeneko foroak aurrekaria izan zuen iaz, Madrilgo San Carlos Borromeo parrokian, eta bertan izan ziren biktimen artean Rosa Lluch zegoen, ministro sozialista ohiaren alaba.

Antolatzaileek oso positibotzat jo zuten lehenengo topaketa hura, "konfidantza ezari, ezjakintasunari, beldurrari eta errezeloei aurre egiteko". Horregatik, Kongresuko ekitaldiak "berradiskidetzearen baloreak sustatzen" lagunduko duela uste dute.

Antolatzaileen asmoa da hauek egotea topaketan: Rosa Rodero Joseba Goikoetxea ETAk hildako ertzainaren alarguna, Axun Lasa Joxean Lasa GALek hildakoaren arreba, Luis Otero Batasun Militar Demokratikoaren kide ohia eta San Carlos Borromeo parrokiako ordezkariak.

Informazio gehiago (1)