'San Antonio auzia'
EAJk eta PSEk Alonso salatuko dute Kontu Auzitegiaren aurrean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jeltzaleek eta sozialistak idatzi bat aurkeztu dute eta Gasteizko alkate ohiaren eta haren taldearen aurkako kontabilitate epaiketa egitea eskatu diote Estatuko Kontu Auzitegiari.
Gasteizko EAJ eta PSE-EE 'San Antonio auzia'n pertsonatuko dira Espainiako Kontu Auzitegiaren aurrean eta gainera, ekintza publikoko salaketa bat aurkeztu dute Alfonso Alonso Gasteizko alkate ohi eta egungo Osasun ministroaren eta haren udal taldearen kontra San Antonio kaleko lokalen alokairua dela eta.
Jeltzale zein sozialistek idatzi bateratu bat aurkeztu dute gaur Kontu Auzitegian eta Alfonso Alonsoren eta haren udal taldearen kontrako kontabilitate epaiketa egitea eskatu dute, martxoa amaieran EH Bilduk Gasteizko Udalean egin bezala.
Espainiako Kontu Auzitegiak ikerketa bat zabaldu San Antonio kaleko lokalak alokatzeko Gasteizko Udalak 2007an sinatutako akordioaren harira. Orduko Udal Gobernuak udal teknikariek gomendatutakoa baino alokairu garestiagoa hitzeman zuen lokalaren jabearekin. Antza denez, orduko udal taldeak "kontabilitate ardurak" izan ditzakeela antzeman du Espainiako Kontu Auzitegiak.
Halaber, auzitegiak kritikatu du alokairua urtero eguneratzen zela Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) indizearen gainetik puntu bat eta bederatzi puntu artean, komunitate gastuak bere gain hartzen zituela eta kontratuan bazegoela klausula bat kontratua 20 urtean mantentzea behartzen zuena; izan ere, kontratua bertan behera utziz gero, Udalak 2027ra bitarteko errenta ordaintzeko betebeharra zuen.
Gorka Urtaran eta Patxi Lazkoz EAJren eta PSE-EEren Gasteizko bozeramaileek prentsaurreko bateratua eskaini dute gaur goizean. Azaldu dutenez, Kontuen Auzitegiak "ez du koma bat ere aldatu" kasuaren txostenean eta "horregatik ondorioztatu dezakegu kontabilitate erantzukizun bat dagoenaren nahikoa zantzu daudela uste duela".
Ildo horretan, begi onez hartu dute 2007ko Udal Batzordeari ezarritako milioi erdi euroko fidantza, auzia ez artxibatzea eta kontabilitate epaiketa egitea eskatzeko epea irekitzea.
Gasteizko Udaleko oposizioak epaiketa egitea eskatu du eta orain ikusteke dago Fiskaltzak gauza bera egingo duen ala ez. Udala ere auzian pertsonatu daiteke, baina oraingoz ez dauka horretarako asmorik.