Itxi

Autogobernu lantaldea

Euskadi 2030 urterako izango dela independente uste du Ibarretxek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Erabakitzeko eskubidea aitortzen ez bada, "aldebakarreko independentzia aldarrikapenak" egongo direla ohartarazi du lehendakari ohiak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Juan Jose Ibarretxe lehendakaria ohiak uste du Euskadi 2030 urterako izango dela independente, eta erabakitzeko eskubidea aitortzen ez bada, "aldebakarreko independentzia aldarrikapenak" egongo direla ohartarazi du, Katalunia ere gogora ekarrita.

Ibarretxek agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, autogobernuari buruzko lantaldean.

"Badakizue erabakitzeko eskubidearen aldekoa naizela, eta nik ere badakit zeintzuk diren zuen jarrera. Ez dakiguna da zer pentsatzen duen euskal gizarteak. Galdetu iezaiozue, gizarteak lasaitasun osoz eman dezan iritzia”, nabarmendu du agintari ohiak, eta "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko deia egin du.

"Nortasun gatazka"

Horren esanetan, nortasun gatazkei "irtenbide" emateko bi modu daude. Horietako bat da "erabakitzeko eskubidea aitortzea", Eskozian edo Quebecen gertatu bezala.

Hori gertatzen ez bada, "independentzia aldarrikapen aldebakarrekoak" egongo direla aurreratu du buruzagi jeltzale ohiak. Horren ildotik, Euskadin eta Katalunian hori gerta daitekeela ohartarazi du.

Halaber, bi nazio horiek ez ezik, 2030 urterako Eskozia eta Quebec ere NBE barruan izango direla iritzi dio.

"Euskal gizarteari galdetu behar diogu estatus berri bat nahi ote duen", errepikatu du Ibarretxek, eta hori egiteko hauteskundeetan "beste hautestontzi bat jartzea" besterik ez dela behar esan du.

Ibarretxeren ustez ezin da "bistakoa ukatu", zeren erabakitzeko eskubidea "ez da falazia bat, baizik eta eskubide demokratikoa, eta indarra galdu beharrean, mundu osoan indartzen ari dena".

Lehendakari ohiaren arabera, herritarrei "galdera argia" egin behar zaie erreferendumean. "Ez dut pentsatzen prozesu eta kontsulta demokratikoak irabazteko egin behar direnik. Demokrazia bat zehazteko bide teknikoa dela uste dut, eta horri esker batzuk oinarrizko kanpalekuan (PSE-EEri erreferentzia eginez) gera daitezkeela, beste batzuk Katmandura itzuli (UPyD), eta beste batzuk K2ra igo (abertzaleak)", azaldu du.

Lantaldearen garrantzia

"Ni Erdi Aroan izan nintzen herri honetako lehendakari. Politikoki arkeologia naiz. Gustatuko litzaidake garai honetan harago joateko gai izatea. Nik egin nuen ezerk ez du etorkizuna mugatzen, eta erabakigarriena da zer egingo duzuen Legebiltzarrean ordezkatzen gaituzuenok. Guztia zuen esku dago", aitortu du.

Horregatik, Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeko kideekiko "konfiantza osoa" agertu du, eta azpimarratu du taldeak ondorioetan "asmatzen" badu, "apartekoa" izango litzatekeela.

Albisteak (2)

Bideoak (2)