Itxi

Diru zuritzea

Rodrigo Ratok, aske geratu ondoren: 'Justizian sinesten dut'

agentziak | erredakzioa

Espainiako Gobernuko presidente ohia atzo atxilotu zuten, epaileak aginduta, etxean hiru orduko miaketa egin ostean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Rodrigo Rato Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Ekonomia ministro ohia aske utzi dute goizaldean, epailearen aginduz. Haren etxea eta bulegoa miatu ondoren, aske utzi dute Rato.

"Justiziarengan konfiantza dut, eta eurekin elkarlanean aritu naiz gaur. Etxean nago, nire familiarekin, eta aske", esan dio Efe albiste agentziari. Zazpi orduko miaketaren ondoren, beraz, aske geratu da Rodrigo Rato.

Rato atzo atxilotu zuten haren etxea hiru orduz miatu ostean, iruzurra, dirua zuritzea eta ondasunak ezkutatzea leporatuta.

17:00ak baino lehentxeago, Aduana Zaintzeko Zerbitzuko Agenteak (AEAT) eta Espainiako Poliziako kideak Ratoren etxera joan ziren, epaile batek urgentziaz agindutako miaketa egitera. Madrilgo Fiskaltzak eskatuta hartu zuen epaileak miaketa agintzeko erabakia.

Fiskaltzak Rato eta beste pertsona batzuk salatu ditu, baina gainerakoen izenen berri ez dute eman, eta sumarioa sekretupean ipini dute.

Madrilen miaketa hori egiten ari ziren bitartean, Zerga Agentziak abokatu bulego bat miatu zuen Sotogrande luxuzko urbanizazioan (Cadiz), ikerketako iturriek jakitera eman dutenez.

Bankiako presidente eta Nazioarteko Diru Funtsaren buru ohiaren etxea hiru orduz miatu ostean, atxilotuta eraman dute beste miaketa batera.

2012an Ratok amnistia fiskala baliatuta ondasunak erregularizatu zituela jakin ostean, Ministerio Fiskalak ikerketa abiatu zuen, eta horren ondorioz etorri omen da miaketa.

Zerga Agentziak horren berri izan zuenean, "familia elkarte sare konplexu bat" ikertzen hasi zen.

Sepblac, Kapital Zuritzearen eta Diru Arau-hausteen Prebentziorako Batzordeak (Ekonomia Ministerioaren mendekoa) du ikerketan sakontzeko eta delitu zantzuak dauden baieztatzeko ardura.

Auzia Madrilgo Fiskaltzaren esku badago ere, aurki Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak hartuko du bere gain.

Ratok 2012an ondasunak erregularizatzeko urratsak eman zituen, eta ondasun horien jatorriaren inguruko zalantzak direla eta, Ogasun Ministerioak dirua zuritzearen susmagarri diren 705 pertsonako zerrenda batean sartu zuen ministro ohia.

Beste kasu batzuetan inputatua

Bestalde, Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak inputatu egin zuen Rato Bankiaren bat-egitea eta burtsara ateratzeko prozesuaren harian.

Era berean, Bankiako eta Caja Madrideko kontseilari ohiek erabiltzen zituzten 'black' txartelak nola erabiltzen zituen argitzeko auziaren barruan ere ikertzen ari dira Espainiako Gobernuko presidenteorde ohia.

Albisteak (5)

Bideoak (2)

Informazio gehiago (2)