auzitegi nazionala
Fiskalak 5 urteko kartzela-zigorra eskatu du Barcenasentzat
Agentziak | Erredakzioa
Gainera, PPren kontrako delituak artxibatzea eskatu du, ez dutelako "behar bezala" justifikatu deliturik egin duenik. Bi diruzain ohiei bidegabeko bereganatzea eta agiriak faltsutzea egotzi diete.
Fiskalak bost urteko espetxe-zigorra eskatu du Luis Barcenas eta Alvaro Lapuerta PPren diruzain ohien kontra, bidegabeko bereganatzea eta agiriak faltsutzea egotzita; Cristobal Paez zuzendari ohiarentzat, aldiz, 18 hilabeteko zigorra.
Gainera, PP alderdiaren kontrako delituak artxibatzea eskatu du, ez dutelako "behar bezala" justifikatu delitua egin duenik, Barcenasen agirietan agertzen ziren enpresaburuek egindako dohainak direla eta.
Horren ildotik, adierazi du dohainak Sozietateen Zergak kontrolatuta daude eta "ustez PPk 2008ean egindako iruzurra 25.630,03 eurokoa litzateke", Zerga Agentziak dioen bezala PPren aldeko kasurik onenean. Beste kalkulu baten arabera, iruzurra 220.167 eurokoa litzateke.
Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak, halaber, azpimarratu egin du Barcenas eta Lapuerta PPren Altxorraren buru izan ziren garaian "dohainak jaso zituzten egin ezin zutenengandik, garai horretan indarrean zegoen legediaren arabera".
Era berean, idazkian agertzen denez, diru-sarreren zati bat bakarrik "dohain anonimoengandik jaso zuten; kasu batean izena adierazita, baina beti ere finantzazio legeak ezartzen dituen mugak gaindituta".
Aurkeztutako idazkian, fiskalak 3 urte eta 10 hilabete eskatu ditu Gonzalo Urquijo eta Belen Garcia Unifica enpresako jabeentzat, horrek egin baitzituen berrikuntza lanak PPren Genovako egoitzan.
Hala, Fiskaltzak urtebete eta zazpi hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du Cristobal Paez PPren gerente ohiarentzat. Gainera, Laura Montero arkitektura enpresako langilearen aurkako akusazioa kendu du, delituak preskribitu egin duelako.
Horren haritik, fiskalak eskatu du bost akusatuek 194.503,44 euro ordain diezaioten Ogasun Publikoari, 2007ko Sozietateen Zerga dela eta egindako ordainketa batengatik. Gainera, bost akusatuei isunak ezartzea eskatu du, 102.500 eta 450.000 euro artekoak, hain zuzen.