Itxi

M24

Aurpegi berriak Estatuko lehian

AMAIA ETXEZARRETA | ETB

Lau urte hauetako gehiengo absolutuak izango dira egungo historian azkenekoak, ia ziur. Espainiar gobernu eta udalek trantsizioa ezkero izan duten egitura aldatzera doa.

Aktore berriak agertuko dira taulan eta politikaren dantzan paper guztiak aldaraziko dituzte Espainiako Estatuan. Haserre bizia ez da mobilizazio sozial bihurtu, boto baizik. Inork ez daki oraindik, ordea, zer leku hartuko duten eta zertara datozen

Hauteskunde orokorretarako bidearen erdian bezala agertu da erkidego eta udaletarako deialdia. PPrenak dira orain jokoan dauden autonomia guztiak, Asturias eta Kanariak salbu. Hiriburuetako udalak ere bai! PPk 34 ditu eta PSOEk 9.

Baina lau urte hauetako gehiengo absolutuak izango dira egungo historian azkenekoak, ia ziur. Espainiar gobernu eta udalek trantsizioa ezkero izan duten egitura aldatzera doa, kalean lehertu diren proiektuak erakundeetara iritsi ahala.

Ciudadanosen agerpena misterio handia da: zeinek eta nola bultzatu du (Ibex 35ek sortu duela diote analista batzuek) eta nola hedatu da Kataluniatik Estatura, kaleko mugimendu batek bultzatu gabe? Batera zein bestera, helburua lortu du eta lehen mailako aktore bihurtu da Europako hauteskundeak izan zirenetik urtebete igaro denean. Giltza eskuan izan dezake PPk gehiengo absoluturik gabe agintean segi dezan; adibidez, Madrilen.

Podemosen definizioa ere misterio handia da. Anbiguotasunari esker ezker-eskuineko botoak hartzeko bidean, lausotu egin da M-15 herri mugimenduak alderdi politiko bihurtu duen proiektua. Ezkerraren garaia dela ziotenek ez dute zerrenda bateraturik egin autonomia erkidego gehienetan. Ezkerra zatitzearen zain daude, maiatzaren 24a ametsak eraisteko edo handitzeko eguna den ikusi zain.

Bi-bitako jokoa da gaur, lehen buruz burukoa zena. PP eta PSOE, zuzen edo oker, berrien emaitzak euren emaitzei batuz egiten ari dira kalkuluak. Tokiko agintariak aukeratzeko eguna da. Maiatzaren 24an baina, nagusiak azterketa pasatzera doaz.

Mariano Rajoyk PPri argi esan dio bera izango dela burua biharamunean, baita PP amildegira abiatuko balitz ere. PPn, beste batzuk emaitza horren zain daude euren hautagaitza bideratze aldera hautagai berriak eskatzen hasteko. Soraya Saez de Santamaria edo Alberto Nuñez Feijoo aipatzen dituzte oraingoz zurrumurruek.

Aginteak dakarren kargarik gabe ere, larri gera liteke Pedro Sanchez PSOEn. Edo sendotuta. Madrilen egin duen apustuari, Angel Gabilondori, eskutik lotu dio bere etorkizuna sozialisten idazkari nagusiak, hainbaten iritzian. Pedro Sanchez, gainera, oraindik ez da sozialisten hautagai orokorretarako.

Rosa Diezenak egin du, profezia estatistiko ororen arabera, eta Albert Rivera du izena bere lekua hartzera datorrenak, UPyD baino pisu handiagoz eta Euskal Herria jarri gabe bere proiektuaren erdian.

Pablo Iglesias diskrezioz ari da, erkidego eta udalen lehian sartu gabe. Hauteskunde orokorrak izan ditu begien bistan Podemos abian jarri zutenetik. Gainditu beharreko traba bihurtu zaizkio maiatzekoak. IUrekin ez du bat egin nahi izan erkidegoetarakoetan, Moncloarako bidea zuzenean eta bakarrik egiteko. Amets hori aldarrikatu zuen duela hilabete batzuk. Hausnarka, isilik daude orain Podemos-en liderrak.

Espainiako Estatuan, politika bizitu egin da ala zarata dabil? Telebistan ikusgarritasuna handia den arren, ez dabil eztabaida zehatzik; estatu eredua, eredu ekonomikoa edo monarkia, esaterako. Tokiko politiken garaia da oraingoz.

Dena dago zalantzan. Izan ere, zalantzan dauden boto-emaileen kopurua inoizkorik handiena da, inkesten arabera. Estatuko hiriburuan, esaterako, boto-emaileen % 40k oraindik ez dakite nori emango dioten botoa.

Informazio gehiago (1)