M24
Araban, ezpatak airean azkeneraino
Jesus Barredo | Radio Vitoria (Erredakzioan itzulia)
Pronostiko eta inkesta guztien gainetik, guztiak datoz bat Araban beharrezkoak izango direla bi edo hiru alderdiren arteko itunak erakundeetan gehiengo nahikoak lortu ahal izateko.
Alderdi Popularrak garaipen garbia lortu zuen duela lau urte Araban, eta, horri esker, Javier de Andresek eskuratu zuen Aldundia eta Javier Marotok, Gasteizko Alkatetza. Horien aurretik, Xabier Agirre jeltzalea eta Patxi Lazcoz sozialista izan ziren erakunde horiek gidatzen.
48 hilabete ondoren, denbora ez da alperrik pasatu inorentzat. Alderdi Popularrak Gasteizko alkatearen ospe eta protagonismoari eusten dio, EAEko zein Estatuko balizko gainbeherari aurre egiteko saiakeran.
Alderdi Sozialistak ere ataka txarra du aurrean. Cristina Gonzalezek egoera bereziki zaila jaso du bere aurretik Arabako idazkari nagusi izan zen Txarli Prietoren eskutik. Alderdiko barne arazoek bultzatuta, Gasteizko hautagaia aldatu eta, modu inprobisatuan, Peio Lopez de Munain beteranoaren alde egin behar izan zuen. Sozialisten nahia, erakundeetan lidergoa lortzea baino gehiago, beharrezkoak izango diren gehiengoetarako ordezkaritza ahalik eta onena lortzea litzateke.
Hori horrela, EAJ eta EH Bildu dira hauteskunde hauei begira baikorren dauden bi alderdiak. Inkesten arabera, Gasteizko Alkatetza Javier Maroto eta Gorka Urtaran jeltzalearen arteko kontua izango da, Bilduren baimenarekin. Lurraldeko lidergoa, ordea, bi alderdi abertzaleen arteko lehian argituko dela dirudi.
EAJk 2012ko hauteskunde autonomikoetan lortutako garaipena errepikatu nahi du. Krisi egoera bati aurre egiteko, egonkortasuna beraiek bermatuko dutela plazaratu nahi dute jeltzaleek. EH Bilduk, berriz, duela lau urte eskuratutako boto-kopuruak eman zion indarra lortu nahi du berriro, eta Europako hauteskundeetan EAJ garaitu zuen lurraldeko lehen indarra izatea du helburu.
Zaila da, nolanahi ere, iragarpenik egitea. Krisi ekonomikoak, ustelkeriak demokrazian eragindako kalteak eta agertoki honetan azaldu diren alderdi berriek asko korapilatzen dute soziologoen aurreikuspen lana.
Arabako bi gakoak honakoak izan litezke: Javier Marotok botoak erakartzeko duen gaitasunak PPren gainbehera ekiditea lortuko duen, batetik, eta alderdi berriek zenbateko ordezkaritza lortzen duten erakundeetan, horrek asko baldintzatu baitezake hauteskunde ondorenean beharrezkoak izango diren itunak.
Marotok jakin badaki alkate izateko gehiengo zabala behar duela. Egun, baina, inkestek ez diote halakorik iragartzen. Horrexegatik jarri du indarra etorkinei ematen zaien diru-laguntzen eztabaida plazaratzen. Badaki diskurtso horrek esparru politiko ezberdinetako boto-emaileen babesa lor dezakeela. Baina mezu horrek gainerako alderdiekin sortu duen haustura konpontzea oso zaila izango da hauteskundeen ostean.
Pronostiko eta inkesta guztien gainetik, halere, guztiak datoz bat Araban beharrezkoak izango direla bi edo hiru alderdiren arteko itunak erakundeetan gehiengo nahikoak lortu ahal izateko. Botoetan lehen indarra izateak elkarrizketa prozesua abiatzeko aukera emango dio irabazleari. Aritmetika erabakigarria izango da, beraz. Baina ezpatak airean izango dira azkeneraino Araban.