CIS - Estatuko datuak
PSOE PPtik gertuago, eta Podemos hirugarren indarra
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
CISen azken inkestaren arabera, PSOEren eta PPren arteko aldea nabarmen txikituko da, Podemosek jaitsiera handia izango du eta Ciudadanos alderdiak indarra hartuko du.
CIS ikerketa soziologikoen zentroak apirilean boto-asmoari buruz egindako inkestaren arabera, Alderdi Popularrak Estatuko lehendabiziko indarra izaten jarraituko du, beheranzko joera nabarmenarekin, botoen % 25,6 eskuratuta, duela hiru hilabete baino hiru puntu gutxiago. Geroz eta gertuago izango du PSOE, 1,3 puntuko aldearekin, botoen % 24,3 lortuta. Podemosek izan du jaitsierarik handiena, aurreko inkestak kontuan hartuta: ia sei puntu egingo du behera Pablo Iglesiasen alderdiak, botoen % 16,5 eskuratuta.
Alderdi Popularrak lehen postuari eutsi badio ere, azken urteetako emaitzarik txarrenak erdietsi ditu, duela urtebete baino bost puntu gutxiago eta 2011ko hauteskunde orokorretan baino ia 20 puntu gutxiago. Bestalde, PSOE asko gerturatu da lehen postura eta dagoeneko bien arteko aldea 1,3 puntukoa da, 2009ko uztailaz geroztik izan den tarterik txikiena. Podemos eta Ciudadanos alderdiek, berriz, kontrako joerak bizi dituzte: Podemosek zazpi puntu egin du atzera eta Ciudadanosek, ostera, 10 puntu gora. UPyDk, bestalde, beheranzko joerari eusten dio eta urtebetean % 9tik % 1era jaitsi da.
Apirilaren 1etik 12ra bitartean egin zen inkesta, Rodrigo Rato Espainiako Gobernuko presidenteorde eta NDFko presidente izan zena atxilotu aurretik. Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeei begira egindako galdeketa izan da, baina hauteskunde orokor batzuetarako boto-asmoaren inguruan ere galdetu zaie herritarrei. Hautagaien eta Gobernuaren balorazioa ere eskatu zaie.
Hauteskunde orokorrak bihar egingo balira, inkestan parte hartu dutenen % 15ek PSOEren aldeko bozka emango lukete, Podemosen (% 13,6), PP (% 13,5) eta Ciudadanosen (% 10) aurretik. Dena den, 5etik 1ek ez dute erabaki beren bozka eta % 2,8k ez dute erantzun.
Politikariei dagokienez, Uxue Barkos (Geroa Bai) izan da, berriro, herritarrek ondoen baloratu dutena. Estatu mailako alderdiak kontuan hartuta, berriz, Pedro Sanchezek (PSOE) lortu du notarik altuena. Espainiako Gobernuko ordezkariei dagokionez, Soraya Saenz de Santamariak lortu du puntuazio altuena (3,37 puntu), Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroaren (3,04 puntu), Ana Pastor Sustapen ministroaren (2,89 puntu) aurretik. Puntuazio kaskarrena eskuratu duen Gobernuko kidea Jose Ignacio Wert Hezkuntza eta Kultura ministroa izan da 1,56 punturekin.