ANDALUZIA
Andaluziako Parlamentuak bigarrengoz bota du atzera Diazen inbestidura
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Susana Diaz jardunean dagoen presidenteak 'surrealistatzat' jo du egoera eta PP, Podemos, Ciudadanos eta IU 'barregarri' geratzen ari direla esan du.
Andaluziako Parlamentuak atzera bota du, bigarren aldiz astebetean, Susana Diaz hautagai sozialistaren presidente kargu hartzea. Lehen bozketako emaitza errepikatu da, gaurkoan ere; PSOEko 47k alde bozkatu dute, eta gainerako guztiek, PPk, Podemosek, Ciudadanosek eta Izquierda Unidak aurka, 62 boto denera.
Juan Pablo Duran Andaluziako ganberako presidenteak maiatzaren 14rako deitu du hurrengo saioa, goizeko 11:00etarako. Presidentea izendatzeko hirugarren bozketa egingo dute, eta hor ere, gehiengo soila lortzea beharrezkoa da.
Harriduraz hartu dute parlamentarioek hirugarren bozketa eguna jartzea. Izan ere, oraingoz, ez dago akordiorik alderdien artean, eta, gainera, hauteskunde kanpaina bete betean egongo dira datorren astean.
Legebiltzarreko presidenteak 48 orduko tartearekin bozketa-egun gehiago deitzeko eskumena du datorren maiatzaren 5era arte; hau da, lehen bozketa egin zenetik bi hilabeteko epean.
Behin epe hori igarota, gehiengo soila inork lortu ezean, berriro hauteskundeak deitu beharko dituzte.
"Surrealista eta barregarria"
Susana Diaz jardunean dagoen presidenteak "surrealistatzat" jo du egoera eta PP, Podemos, Ciudadanos eta IU "barregarri" geratzen ari direla esan du.
"Ezetza behartzen ari dira, Espainiako Gobernuko presidenteak bideratuta. Espainiaren egonkortasuna saltzen ari den presidente hori hauteskunde kanpainaren hasieran hemen agertu zaigu ondorengoa esatera: hau da bidea, blokeoa, boikota eta Andaluziak 9 milioi herritarrei zuzendutako gobernua geldiaraztea", esan du Diazek saioaren amaieran, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan.