Zuzenketa ekimenari
Frackingaren kontra pausoak ematea exijitu dio herri ekimenak EAJri
agentziak | erredakzioa
EH Bilduk eta PSE-EEk, berriz, bost urteko moratoria neurri elektoralista dela kritikatu dute; eta PPk profesionaltasuna eskatu du teknika hori aztertzeko garaian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mikel Otero 'Fracking ez' plataformaren bozeramaileak begi onez jo du EAJk teknika hori bost urtez galarazteko proposamena, baina "pauso sendoak eta berehalakoak" exijitu dizkio, proposamena ez dadin "itxurakeria" hutsa izan, eta "frackinga" EAEn ezar ez dadin.
Oterok horixe adierazi du EAJk haustura hidraulikoaren kontrako Herri Ekimen legegileari sartutako zuzenketen inguruan; izan ere, zuzenketako batek bost urteko moratoria eskatzen du teknika hori erabiltzeko.
Otero gustura agertu da alderdiek Herri Ekimen Legegileari egindako zuzenketa proposamenekin, guztiak "trabak" direlako frackingarentzat.
Hala ere, PSE-EEk eta EH Bilduk erabateko debekuaren alde egin badute ere, eta EAJren proposamena "norabide onean doan arren, ezerezean gera daiteke berehalako pauso sendoak eman ezean", Oteroren ustez.
Horregatik, frackingarekin lotutako ekimen guztiak gelditzeko eskatu dio Jaurlaritzari, eta Espainiako Gobernuari gauza bera egiteko eska diezaiola, beste erkidego batzuen proiektuek EAEri ere eragiten diotelako.
Oterok argi adierazi du 'Fracking ez' ekimenak borrokan jarraituko duela teknika debekatzeko "pauso guztiak ematen dituzten arte".
Neurri elektoralista
Bestalde, EH Bilduk eta PSE-EEk kritikatu dute moratoria neurri elektoralista dela; eta PPk profesionaltasuna eskatu du teknika hori aztertzeko garaian.