Itxi

Auzitegi Nazionala

Ezker abertzalearen kontrako makroepaiketa azaroan hasiko da

agentziak | erredakzioa

Epaiketa hirugarrenez atzeratu zen aurreko otsailean, sei akusatuk abokatuari, polizia-operazio batean atxilotutakoari, uko egin ostean.

Auzitegi Nazionalak azaroaren 12an jarri du Batasuneko, ANVko eta EHAK-ko 35 kideren kontrako epaiketa hasteko data, otsailean hirugarren aldiz atzeratu ostean. Sei akusatuk abokatuari, polizia-operazio batean atxilotutakoari, uko egin ziotelako atzeratu zuten azkenekoz prozesu judiziala.

Auzipetutako seik argudiatu zuten Haizea Ziluaga abokatuarengan zuten konfiantza galdu zutela atxilotu egin zutelako eta delituak inputatu zizkiotelako. Epaileen arabera, egoera horrek agerian uzten zuen auzipetuak "modu egokian eta eraginkorrean" defendatzeko aukerak murriztu egiten zirela, eta prozesua atzeratzea erabaki zuten, guztiak batera epaitzeko.

Batasunaren, ANVren eta EHAK-ren kontrako epaiketa horregatik atzeratu zen hirugarrenez, eta aurretik 'Mate' operazioan 19 auzipeturen abokatuak (Amaia Izko, Eukene Jauregi eta Haizea Ziluaga) atxilotu zituztelako atzeratu zuten.

Fiskaltzak erakunde terroristako kide izatea leporatzen die 35 auzipetuei. Vicente Gonzalez Mota fiskalaren arabera, ETAren estrategiaren baitan jardun zuten, talde armatuak, Batasunaren ilegalizazioaren ostean, erakundeetan ordezkaritza izan zezan 2005eko eta 2009ko bozetan.