ETA-ren eta GAL-en biktimak
Josean Fernandez ETAko kide ohia ez da bake jardunaldietara joango
eitb.eus
Preso ohiak ezezkoa eman dio gonbidapenari, polemikaren erdigunean egon nahi ez duelako.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Madrilen ETAren eta GALen biktimen arteko topaketak antolatu dituen San Carlos Borromeo parrokiak jakinarazi duenez, Josean Fernandez ETAko kide ohiak ezezkoa eman dio jardunaldietan parte hartzeko gonbidapenari.
Polemikaren erdigunean egon nahi ez duelako baztertu du gonbita, Radio Euskadik jakinarazi duenez. Izan ere, ETAko kide ohiaren parte-hartzea izan zen AVT eta Dignidad y Justicia elkarteen argudioa Kongresuak ekitaldia har ez dezan.
Orain, antolatzaileak horren antzeko profila duen ETAko beste kide ohi bat bilatzen ari dira, ekitaldian parte hartzeko.
Ekitaldia maiatzaren 29an egingo dute, CCOO sindikatuaren egoitzako Marcelino Camacho Aretoan. 400 pertsona hartzeko lekua dago bertan, hau da, Kongresuko Ernest Lluch Aretoak har dezakeen pertsona-kopuruaren bikoitza.
Orain hilabete, Kongresuak onartu egin zuen ekitaldia Ernest Lluch Aretoan egitea, baina aste honetan atzera egin eta bertan behera utzi du, PPk eta PSOEk betoa jarri diotelako, biktimen aldeko elkarte horiek egindako presioen ondorioz.