Ekitaldi pribatua
Terrorismoaren biktimak ekainaren 4an hartuko ditu lehendakariak
Agentziak | Erredakzioa
Harrera bateratua Gasteizen egingo dute, komunikabiderik gabe, Donostiako ‘Terrorismoaren biktimak eta gizartea’ jardunaldiaren bezperan.
Terrorismoaren biktimen Estatu osoko elkarteetako ordezkariak hartuko ditu Iñigo Urkullu lehendakariak ekainaren 4an, Donostiako ‘Terrorismoaren biktimak eta gizartea’ jardunaldiaren bezperan.
Lehendakaritzak gaur jakitera eman duenez, harrera bateratua Gasteizen egingo dute, baina komunikabiderik gabe.
Maiatzaren hasieran, Covite Euskadiko biktimen elkarterik garrantzitsuenak bileran parte hartzeko prest zegoela iragarri zuen, baina betiere ateak itxita eta argazkirik gabeko ekitaldi batean. “Lanerako” hitzordua izan behar zela azpimarratu zuen Covitek.
Harrera bateratuaren berri urtarrilaren 21ean eman zuen Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak, Gasteizen.
Mahai-inguruak Donostian
Astelehenean eta asteartean elkarte guztiak eta biktimak gonbidatu ditu Lehendakaritzak. Biharamunean, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak beste ekitaldi bat hartuko du. Lehendakariak emango dio hasiera.
Ondoren, Jose Luis de la Cuesta Kriminologiaren Euskal Institutuaren zuzendariak ‘Terrorismoko biktimen memoria eskubidea’ txostena aurkeztuko du; Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak eskatutakoa.
Aurkezpenaren ostean, mahai-inguruak antolatuko dituzte eta bideo batzuekin emango diote amaiera ekitaldiari.